Ikusiko ez dugun eguzki-eklipseari buruz gehiago ikasteko aukera

Eguzki-eklipse osoa, 2001 urtean. Argazkia Zimbabwuen egin zen./Reuters
Eguzki-eklipse osoa, 2001 urtean. Argazkia Zimbabwuen egin zen. / Reuters

Eklipse osoa gertatuko den abuztuaren 21era arte Eureka! Zientzia Museoko Planetariumeko saioen hasieran fenomenoa zer den azalduko dute

M. IMAZ

Eguzki-eklipse osoak antzinatetik eragin dute jakin-mina eta beldurra, egun betean gautzea zekarren fenomenoa zergatik gertatzen zen ez zekitenean ez baitzen erraza izango ia bat-bateko iluntzeari esplikazio bat ematea.

Aspaldi dakigu zer den eguzki-eklipse total bat. Eureka! Zientzia Museoak gogoratu duenez, "Ilargia, Lurra eta Eguzkiaren artean kokatu eta eguzkiaren diskoa guztiz estaltzen duenenan gertatzen da". "Kasualitate astronomiko" baten ondorio dira eguzki-eklipse osoak. Izan ere, "Ilargia, Lurretik, Eguzkia baino 400 aldiz gertuago dago eta, aldi berean, Eguzkiaren diskoa Ilargiarena baino 400 aldiz handiagoa da, hori dela eta, bi astroek alegiazko tamaina bera erakusten digute zeruan eta, ondorioz, batak bestea estali dezake zeharo".

Horrelakorik ez da askotan gertatzen, baina datorren astelehenean, abuztuak 21, egingo dute bat zirkunstantzia horiek guztiek eta Ilargiak Eguzkia estaliko du. Fenomenoaren ezagutza zehatza ez da nahikoa izan, baina, zenbaitek profezia eta horrelakoak berreskuratu eta iragarpen apokaliptikoak egiten hasteko....

Asteleheneko eklipsea Estatu Batuetan biziko dute soilik zuzenean, pare bat minutuz. Honela deskribatu du gertatuko dena Eureka! Zientzia Museoak: "Eklipseak sortzen duen itzala EEBBak kostatik kostara zeharkatzen dituen 70-100 km-ko zerrenda batean baino ez da agertuko. Zonalde honetatik urruntzen garen neurrian, eklipse partziala ikusiko da, Eguzkiaren diskoa gero eta gutxiago ezkutatuko delarik. Eklipsea 19:00etan hasiko da, baina maximora iristeko 20:30ak arte itxoin beharko da".

Espainiar estatuan 2005 urtean ikusi ahal izan zen azkenekoz eguzki-eklipse oso bat. Orduz geroztik gertatu direnak ez dira ikusi, datorren astekoa ere ez da ikusiko zuzenean. Donostian, zehazki, "ez da ia ikusiko, estaldura handieneko momentuan Eguzkia zerumugatik ezkutatzeko zorian egongo da eta. Gainera, estaldura totalaren zerrenda horretatik kanpo gaudenez, hemen Eguzkiaren %20 baino ez da estaliko".

Beraz, ez dugu eklipsea ikusiko, baina gizakiarengan beti zirrara berezia sortu izan duen fenomenoa hobeto aukera eskaintzen du Eureka! Zientzia Museoak, abuztuaren 21era arte Planetariumeko saioen hasieran gaiaren inguruko azalpenak eskainiko baitituzte. 12:00etan eta 18:00etan euskaraz izango da, eta 13:00etan eta 19:00etan gaztelaniaz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos