Ikastetxeetako jangela eraldatu nahi duen eredu berritzailea

Zubimusi ikastolatako jangela./DV
Zubimusi ikastolatako jangela. / DV

Donostiako Askora enpresaren Mahi-Mahi egitasmoa munduko lau proposamen onenen artean gelditu da Service Design Awards-en, zerbitzu komertzialen atalean

Villabonako Zubimusu ikastolako jangela ez da arrunta. Donostiako The English School ikastetxekoa eta Bilboko Abusu ikastolakoak ere ez. Egoitza nagusia Donostian duen Askora elikadura eta zerbitzu enpresa orain bi urte Apitropikeko Alex Filiatreurekin batera garatzen hasi zen Mahi-Mahi ereduaren araberako jangelak dira, bereziak eta, batez ere, modu berezian sortuak, ikastetxe bateko jangelak islatzen duen komunitatearen parte-hartzearekin, horren behar eta ezaugarriatera egokitu daitezen.

Proposamen berritzaile horrek nazioarteko errekonozimendua jaso du, Mahi-Mahi by Askora mundu lau zerbitzu komertzial onenen artean gelditu baitzen iragan astean Madrilen egin zen Service Design Awards ekitaldian. Eta ez zituen nolanahiko lehiakideak izan, gainerako hiruak azkenean urteko zerbitzu komertzial onena izendatua izan zen Telus Kanadako telekomunikazio konpainia, AEBetako Capital One eta Amsterdamgo Schiphol aireportua izan baitziren.

Enpresak ohar baten bidez azaldu duenez, proiektuaren hasierako helburua zen "eskola-jangelen inguruan hausnartzea, ikuspegi gizatiarragoa izango zuen beste eredu bat sortuz, non haurrek bertan bizitako esperientziak jasotako elikadura bezain garrantzitsua izan behar zuen. Era berean, esperientzia dibertigarria izateaz gainera, hezigarria izan behar zuen, martxan jarriko zen zentroetako helburu pedagogikoekin bateratua".

Argi zuten lehen momentutik, gainera, hori lortzeko ezinbestekoa zena jangelako parte diren pertsona guztien parte-hartzea: ikasleak, familiak, jangelako langileak, zuzendariak... Horien ekarpenak jaso ondoren, zentro bakoitzari egokitako jangelak atontzen dituzte. Izan ere, "hezkuntza zentro bakoitza ezberdina bada, zergatik izan behar zuen jangelak berdina?". Eredu berri horren eragina ez omen da bakarrik estetikoa edo funtzionala. Mahi-Mahi jangeletan "haurrek mahaia irribarre bat ahoan dutela ipintzen dute, konplizitatearekin zerbitzatzen dute bazkaria, eta mahaia lasaitasunez jasotzen dute". Sariak eragin dien "gogobetetasuna eta poztasuna" ere adierazi dute. Nazioarteko errekonozimendu horrek erakusten omen du, hain zuzen, "tamaina txikiko enpresa izan arren sortutako ereduak eskola-jangelen etorkizuna aldatuko duela".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos