16 ikastaro eskainiko ditu UEUk udaberrian, horietako bost on line

UEUren Ikastegi Nagusia, Eibarren./FELIX MORQUECHO
UEUren Ikastegi Nagusia, Eibarren. / FELIX MORQUECHO

Udako Euskal Unibertsitateak prest dauka udaberriko eskaintza, eta, etengabeko prestakuntzara begira, otsaila eta maiatza bitartean 16 ikastaro eskainiko dira Eibarren, Iruñean eta on line, UEUko arduradunek jakinarazi dutenez.

Horrela, on line ikastaroak ondoko hauek dira: 'Tribuaren berbak' sekuentzia didaktikoak gelan erabiltzeko jarraibideak'; 'Arazo-egoeratik proiektura. Proiektu bidezko metodologiak sustatzen'; 'Moodle-ren gamifikazioa eta ikasleak motibatzeko sormenezko hainbat erabilera'; 'Programazioa denontzat: Python ikasi praktikaren bidez' eta 'Negozio edo proiektu bat sarean ezagutzera emateko baliabideak eta gakoak'. Denek daukate aurrez aurreko saioeren bat, kasurik gehienetan bakarra, aurkezpen egunekoa.

Ikasgelako ikastaroei dagokienez, asteburuak baliatuko dituzten Iruñean zein Eibarren, udakoetan ez bezala udaberrikoetan lanean jarraitzen baitute ikasle gehienek. Ez dira, hortaz, ordu askoko ikastaroak. Iruñean egingo dira aurrenekoak, otsailaren 10ean hasiko delarik aurrenekoa. 'Harreman harmonikoak izateko komunikazio trebetasunak. Zure bizitza aberasteko gakoak'; 'Gatazken ebazpena pedagogia sistemikotik abiatuta'; 'Heziketa integrala: Haurrekiko harreman osasuntsuak sustatuz'; 'Errealitateak kontatzeko manerak'; 'Hizkuntza-praktika ekologikoak haurren hezkuntzan' eta 'Haurren autoestimua ezagutu eta garatzeko erremintak' ikastaroak dira Iruñean eskainiko direnak.

'Euskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa', 'Askatasunean hazi, hezi eta bizi', 'Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: zure produktibitatea hobetzeko metodo eta tresnak', 'Agroekologia. Tokiko garapen integrala' eta 'Hizkera argia administrazio elektronikoaren garaian' ikastaroak Eibarren egingo dira, Ikastegi Nagusian. Eibarko zentroari atxikitako ikastaroa izan arren, argazkilaritzari buruzkoa Getariako Askizuko Aterpetxean egingo da martxoaren 24 eta 25ean.

UEUren webgunean aurki daitezke xehetasun guztiak, eta matrikula ere bertan egin daiteke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos