«Denborarekin euskara batuak indar gehiago hartuko du»

Ibon Sarasola, atzo Donostian./SARA SANTOS
Ibon Sarasola, atzo Donostian. / SARA SANTOS

Abbadia saria jaso duen Ibon Sarasola filologo donostiarrak hiztegigintzatik egin dio ekarpenik nabarmenena euskara batuari azken hamarkadotan

GAIZKA LASADONOSTIA.

Euskalgintzaren ingeniaria da Ibon Sarasola (Donostia, 1946). Pentsamolde zientifikoa euskararen sustapenaren mesedetan erabili du urte luzez eta hizkuntzaren inguruan izan dugun solasean buruak bihotzak baino gehiago agindu du. Idazle eta hizkuntzalari hau hiztegigintzan nabarmendu da batik bat. Aurtengo Abbadia saria eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskal hizkuntza esparru berrietara zabaltzeko bidean, euskara batua "tresna zorrotza" bilakatu dadin Sarasolak egindako lana eta ekarpena nabarmendu ditu epaimahaiak.

-Ez dakit nola aritu zurekin, euskara batuan edo etxe giroan erabiltzen dudan horretan.

-Gauza bat da euskara batua eta beste bat euskara zuzena. Batua jendea elkar ulertzeko asmatu den tresna bat da, baina ez da euskalki bat baino zuzenagoa.

"Profezietan ez naiz batere ondo moldatzen. Optimistak izan behar dugula iruditzen zait"

"Zorionez, hiztegigileoi kasu gutxi egiten digutenez, hizkuntzak bere bidea darama"

- Zuk ez duzu orduan batura jotzeko gomendioa egiten?

- Noski, bai, baina elkarrizketa publikoetan, irratietan eta holako kontuetan. Bilera pribatuetan ez diot abantailarik ikusten. Denborarekin euskara batuak indar gehiago hartuko du eta batez ere hurrengo belaunaldietako bihurtu daiteke estandar hizkera publikoetarako eta baita hizkera pribatuetarako ere. Baina, berez, Euskaltzaindiak euskara batua jardun publikoetarako egin zuen. Eta, noski, idazteko. Aldameneko lagunarekin ez duzu zertan batua erabili.

- Orduan, hitz egiten dena behintzat ondo hitz egitea eskatuko dugu...

- Ondo edo gaizki oso kontu labaina da. Kontua da normaren arabera hitz egin edo normaren kontra hitz egin. Gipuzkeraz oso ondo eta oso gaizki hitz egin daiteke, eta batuan gauza bera. Nire lagun bati Sevillara iritsi eta ebaki bat eskatuta, halaxe erantzun zioten: «lexolalexe o lalexe aparte». Tipo horrek ez zuen español estandarra erabiltzen. «Le echo la leche o la leche aparte», esan nahi zuen. Oihartzun publikoan ari zarenean, horiek ekidin behar dituzu.

- Euskaraz ere badaude?

- Nik uste dut batasunarekin bai gipuzkera eta baita bizkaiera ireki egin direla. Fonetismo batzuk hobeto ulertzen dira. Problema dira «lexolalexe» eta holakoak. Denborarekin, euskalkiak hizkera bihurtu beharko lirateke. Hizkuntza berberaren aldaerak, euskalkiak baino gertuagokoak. Horretarako nahitaezkoa da estandarra arlo publikoan erabiltzea.

- Publikoan eta publiko ez denean, gero eta gehiago erabiltzen da batua?

- Batasuna 1968an eman zen, beraz ez ditu bi belaunaldi hartu oraindik. Orain jende askori, nahiz eta gipuzkeraz hitz egin, batuak eragiten dio. Telebistan entzuten duen hitz bat agian ondo datorkio eta erabili egiten du.

- Hitzak aipatu eta, hiztegigintzan zabiltzatenok asmatu egiten dituzuela pentsa daiteke. Zertan datza zuen lana?

- Asmatu ez. Kontrakoa. Lehen, hiztegiak egiten ziren aurreko hiztegiak fusilatuz. Orain, informatikaren bidez, ikusi dezakezu nola idazten duen jendeak. Korpus bat daukagu, hau da, liburuak ordenadorean sartuta. Liburu horiek esaldika zatitzen dira. Momentu honetan 260 miloi esaldi daude hitz bat nola erabili den adieraziz. Horrekin oso ondo ezagutu dezakezu nola idazten den euskaraz.

- Adibide bat jarriko al diguzu?

- Jendeak zer esaten du, 'pausua egin' edo 'pausua eman'? Jartzen duzu makinan 'pausua egin' eta agertzen zaizkizu 'pausua egin' edo 'pausua egingo' edo 'pausua egiten' hartzen dituen esaldi guztiak, nork erabili duen eta nola erabili duen. Jende askok begiratzen du idazterakoan hitz bat edo beste ez bakarrik zenbat erabili den, baizik eta nork eta nola erabili duen. Hiztegi normalek ez dute hori ematen.

- Idazle batzuen alde egin daitekeela pentsa dezake baten batek?

- Ni egiten ari naizen hiztegian, Egungo Euskararen Hiztegia izena duena, informazioa ematen dut. Ez dut aukeratzen. 'Urratsa eman' honek eta honek erabili dutela jasotzen dut; eta 'urratsa egin' beste honek eta honek, eta egoera hauetan. Idazleak badauka tresna bat aukeratzeko, egile bat gehiago gustatzen zaiolako edo esaldi jakin batean egoki geratzen zaiolako. Horretara dedikatu naiz azken 25 urteotan.

- Hor denak balio du? Hau da, hitz baten erabilera jakin bat gaizki dagoela esan dezakezue?

- Gaizki dagoela nork esango du? Euskaltzaindiak egin dezake, izatekotan ere, baina nik ez. Niretzat ondo dago idazle onak erabiltzen duten forma bat. Bilaketa bat egin eta inork erabili ez duela ikusten baduzu... kontu txarra. Zuzena edo okerra, ez naiz sartzen. Zorionez gramatikari eta hiztegigileoi kasu gutxi egiten digutenez, hizkuntzak bere bidea darama eta zuk gehienez ere aldapan behera doan harri handi hori pixka bat bultzatzen duzu. Kontua da normalean idazle onek beste idazle onak irakurtzen dituztela, eta hortik bai aberastu dela hizkuntza.

- Nora jo zenuen zuk gaztetan aberasteko?

- Ingeniaritza plan zaharrean hasi nuen eta berrian bukatu. Tartean ikasturte bat zubi modukoa izan genuen. Ordu libre asko utzi zizkidan eta aitak esan zidan zergatik ez nintzen hasten euskaraz idazten ikasten. 17-18 urte nituen. Geroxeago, 'Zeruko Argia'-n hasi ziren Rikardo Arregi, Ramon Saizarbitoria eta holakoak idazten. Ramon ezagutzen nuen eta bere orrialdean, 'Gaztea naiz' orrialdean, idazten hasi nintzen. Euskararen bueltan izaten ziren bileretara joaten hasi ginen.

- Eta Koldo Mitxelena noiz ezagutu zenuen?

- Nire bizitza erabat markatu zuen horrek. Egun batean deitu zidan eta esan zidan ezagutzen ninduela bilera haietatik. Nik banekien hiztegi erraldoi bat egiten ari zela. Ordurako euskal literaturaren historia publikatuta nuen. Kontua da lehendabiziz idatzi nuenean konturatu nintzela ez zegoela hura irakurtzerik, nahastu egiten bainituen historiako gauzak eta autoreak. Orduan egin nuena da batetik idatzi nik nola ikusten nuen euskal literaturaren historiaren bilakaera, eta autoreak apendize baterako utzi, bere obrekin. Antza denez, Mitxelenari ikaragarri gustatu zitzaion hori.

- Zergatik?

- Pentsatuko zuen nik bere hiztegia egiteko zeukan kaosa konponduko niola. Klaro, hiztegien kontua batez ere organizazioa da. Deitu zidan eta gelditu ginen. Erakutsi zizkidan zituen fitxa guztiak. Zapata kajak eta kajak zituen. Esan zidan hori organizatu beharra zeukala. Urtebeterako joan nintzen Salamancara bere etxera, han aritzen baitzen irakasle gisa. Han xurgatu nuen bere mundu guztia. Horren ondorioa izan zen Orotariko Euskal Hiztegia.

- Abbadia saria besteak beste Imanol Urbieta, Joxerra Gartzia eta Kike Amonarrizek eraman dute. Identifikatua sentitzen al zara?

- Ez identifikatua, baina oso konpainia onean sentitzen naiz. Saria jaso behar nuela esan zidatenean egin nuen lehenengo gauza izan zen aurreko garaileen zerrenda ikustea. Sari hori serioa dela konturatu nin-tzen. Oso zabala da. Klase guztietako jendeak jasotzen du, euskararekin zerikusia duenak.

- Zer daukazue komunean?

- Euskara eguneratzeko eta gaurko munduaren alderdi guztietara egokitzeko lan bat, bakoitzak bere alorrean. Ni kenduta, oso jende ona saritu dutela uste dut, euskararen mundu zabal horretan hemendik eta handik aukeratuz. Filosofia oso ona iruditzen zait.

- Nori emango zenioke zuk saria hurrengo urteren batean?

- Ez dut horretan pentsatu eta norbait etorriko balitzaidake burura, ez nuke esango.

- Nola ikusten duzu euskaragintza hemendik 50 bat urtera?

- Ezin dut imajinatu ere egin. Ni ingeniaria naiz. Datuak ez baditut, ez dut imajinatzen.

- Zer egin beharko genuke euskara indartzen jarraitzeko?

- Auskalo. Profezia munduetan ez naiz batere ondo moldatzen. Optimistak izan behar dugula, horixe nabarmenduko nuke. Gu optimista izan ez bagina, neurri handi batean ez genuen hau aurrera aterako, ez euskera batua, ez 'Gazte naiz' orria, ez gure lehenengo liburuak... eta kontutan hartuta diktadura batean bizi ginela. Eta batez ere, lantua jotzeak ez du bentajarik, ez jotzen duenarentzat, ez entzuten duenarentzat.

Más

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos