Hirugarren urtez ibiliko dira Kobaz Koba korrikalariak Zestoan

2016ko ediziokoa da argazki hau./
2016ko ediziokoa da argazki hau.

Datorren igandean egingo da historiaurreko gizakien bideetan barrena ibiltzeko aukera eskaintzen duen lasterketa, luzera desberdineko bi ibilbide dituena

Badira hiru bat aste Kobaz Koba Trail-ean parte hartzeko toki denak bete eta itxaron zerrendak ireki zituztenetik. Hortaz, berandu samar da datorren igandean, otsailak 18, Zestoan egingo den lasterketan parte hartzeko. Ez, ordea, ehunka korrikalari bilduko dituen mendi lasterketaren inguruan sortuko den giroaz gozatzeko.

2008az geroztik Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera Ekainberri kudeatzen duen Arazi kultura eta turismoaren arloko enpresaren eta Zestoako Agiro Mendi Klubaren arteko elkarlanaren fruitua da hasiera-hasieratik sekulako arrakasta izan duen Kobaz Koba mendi lasterketa. Aurten, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, ia 500 korrikalari elkartuko dira. Gehienak, 316, gipuzkoarrak izango dira. Garrantzitsua da zestoarren pisua, 33 izango baitira: 37 azpeitiarrak baino gutxixeago, 32 zumaiarrak, 24 zarauztarrak eta 23 azkoitiarrak baino gehixeago. 51 bizkaitar, 44 arabar eta 21 nafar ere izango dira tartean, beste toki batzuetatik etorritako hainbat kirolarirekin batera; esate baterako, Bartzelonatik, Avilatik, Landetatik, Burgostik edo Zaragozatik. Antolatzaileek azpimarratu dute, halaber, 52 emakumek hartuko dutela parte, eta korrilakaririk beteranoenak 65 urte dituela.

Kirola natura, kultura...

Kirolarekin ez ezik kulturarekin, naturarekin eta ondarearekin ere badu zerikusia lasterketak. Izan ere, "historiaurrera garamatzan lasterketa" da Kobaz Koba antolatzaileen hitzetan, bizitza "koba batetik besterako bideetan zehar ematen zuten" gizakien oroitzapena dakarrena. "Gizaki haiek, Zestoako mendietan barrena, aztarna asko utzi dizkigute, kobak eskaintzen duten babesean. Margo paregabeak, bitxi ederrak, menhirra eta baita eguneroko jardunerako lanabesak ere. Ekain koba, UNESCOk Gizateriaren Mundu mailako ondare izendatu zuen duen garrantziagatik", diote. Hortaz, lasterketak "lehen gizakiaren bideetatik, iragana bizitzeko esperientzia paregabea eskaini nahi du".

Traila, berez, bi lasterketak osatzen dute: 13 kilometroko Artzei bideak, eta 25eko Zaldei bideak. Ibilbide osoak 8 baten forma hartzen du, Zestoako herria erdian geratzen delarik. Zestoako lurretan lehen gizakiak bizi izandako hainbat koba daude, eta horietatik igarotzen da lasterketaren ibilbidea. Aizarna eta inguruetako beste hainbat paraje eder ezagutzeko aukera ere eskaintzen du lasterketak. Bi bideei Ekain kobazuloko bi galerien izenak jarri zaizkie, omenaldi gisa: "Artzei, Izotz Aroan Zestoa inguruko leizeetan bizi ziren hartz haien omenez, eta Zaldei, zaldien erresistentzia eta edertasuna aintzat hartuz".

Aurrena lasterketa luzeena abiatuko da, Zaldei bidekoa, 9:00etan. 10:00etan irtengo dira, berriz, Artzei ibilbidea egin nahi dutenak. Eta 10:00etan piztuko da halaber festa, ordu horretatik aurrera trikitilariak egongo baitira Laranjadi plazan. Proba babesten duten Euskolabel, Euskaber eta Naturalkiren produktuak ere izango dira bertan.Lehen korrikalariak 10:15 aldera espero dituzte herriko kaleetan. Nahiz eta korrikalariak 13:00ak arte egongo diren pasatzen aurreikuspenen arabera, sari banaketa 12:30ean hasiko da.

Proba bakoitzean lehen hiru postuetan sailkatutako gizonezko eta emakumezkoek izango dituzte sariak, eta ez da guztietan txarrena izango 2019ko Kobaz Koba trailerako gonbidapena. Oinutsik edo oinetako 'minimalistekin' (hots, orpoaren eta aurrealdearen artean desnibelik ez izateaz gain gehienez ere 12 mm-ko lodiera dutenak) korrika egiten dutenentzako kategoria ere badago. 'Barefoot'-a praktikatzen dutenek bi ibilbideak izango dituzte aukeran, gainerakoek bezala, baita 'Naturalki minimal runner' saria irabazteko aukera ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos