Hiru hitzaldi eta irakurraldi bat, hiria ardatz hartuta

Artxiboko argazkian, Bernardo Atxaga Koldo Mitxelena Kulturgunean. Bertan izango dira saioak. / MIKEL FRAILE

Javier Aguirre filosofoa, Ibon Salaberria arkitektoa, Bernardo Atxaga idazle eta poeta, eta hainbat egile estatubatuarren testuez osaturiko jendaurreko irakurraldia bilduko dituzte urriaren 16an hasiko diren jardunaldiek

Javier Aguirre filosofoa, Ibon Salaberria arkitektoa, Bernardo Atxaga idazle eta poeta, eta hainbat egile estatubatuarren testuez osaturiko jendaurreko irakurraldia bilduko dituzte urriaren 16an hasiko diren jardunaldiek

Hiria gai hartuta, hiru hitzaldik eta irakurraldi batek osatuko dituzten 'Hiria sortzen denean' jardunaldiak antolatu ditu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean urriaren 16, 17, 18 eta 20rako. Ohar baten bidez aurreratu dutenez, “jardunaldien helburua izango da hiriak pairatu edo sufritu ordez, hiriak sortzeko gauza den gizakia eraikitzeko premia defendatzea”.

Horretarako, Javier Aguirre filosofoa, Ibon Salaberria arkitektoa, Bernardo Atxaga idazle eta poeta izango dira hizlari, eta irakurraldi guztiz berezi bat ere egingo da, zenbait egile estatubatuarren testuetan oinarrituta, musika eta irudiduna.

"Etengabe aldatzen ari den espazio edo gune sinbolikoa" den hiriari buruz hausnartzeko hiru arlotatik egiten diren ekarpenei begiratuko zaie jardunaldietan: hirigintzari, filosofiari eta poesiari. Hirigintza, "topaguneak eta elkarbizitza guneak arrazoiaren bidetik abiatzeko"; filosofia, "aipatu espazio horien xedea eta funtzionaltasuna finkatu, adostu edota diseinatzeko"; eta poesia, "gune horiek harmonizatzeko, eta esperientzia bizitzeko moduan espazioa aldatzeko, errealitate sentikor eta emozional bihurtzeko xedez".

Asmoa da, alegia, "hiriaren ideiaren gainean hausnartzea, baina ez derrigor toki edo paisaia arrunt bati buruz ariko bagina bezala, ezta lurralde politiko eta identitario soil bezala, eta egitura arkitektonikoz osatuta darabilgun bilduma huts gisa hartua ere ez, ez horrela, baizik eta giza eredu berri bat eraikitzeko tresna edo moldea bezala". Horrela, eskainiko hiru hitzaldiak, ('Polisetik Kosmopolisera', 'Hiria da marka' eta 'Euskal Hiriaz') Lewis Mumford historialariaren esanetan "batasun kolektiboaren sinbolo estetikoa" den horretan sakontzen ahaleginduko dira.

Jendaurreko irakurraldiari, berriz, 'Vida en la sección del valle' izena jarri diote. Hainbat egile estatubatuarren (Edgar Lee Masters, Sherwood Anderson, David Foster Wallace, Donald Ray Pollock…) testuez osaturiko irakurraldia izango da, eta gizakiak hiriarekin izan duen erlazio paradoxikoa eta gatazkatsua nabarmenduko da bertan. Irakurraldian ADI! musika taldearen lau pieza eta 'The City' dokumentaleko irudiak tartekatuko dira. Ralph Steiner-ek zuzenduriko dokumentala da 'The City', eta 1939ko New Yorkeko mundu azokan aurkeztu zen, Lewis Mumford-en oharrekin. Dokumentalak "hiri-ingurune garaikidearen arazoak kontrastatzen ditu planifikatutako komunitatean eman daitezkeen baldintza sozial eta fisiko nagusienekin".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos