«Hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza akordioa lortzea» izango dira ikastolen aurtengo erronkak

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, erdialdean, iazko ikastolen Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian / Unanue

Omenaldiaren tartea ere izan da ekitaldian, azken lau ikasturteotan mende erdira iritsi diren 27 ikastolei esker ona erakutsi diete. Ikuskizuna ere egon da Lazkaoko Oin Arin taldearen eskutik

DV

"Hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza akordioa lortzea" izendatu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk aurtengo ikasturteko erronkak bezala, nagusiak "hezkuntza eraldatzen jarraitzea" eta "Hezkuntza akordioa lortzea" izango direlarik.

Elorrioko Arriola antzokian ikastolen aurtengo Ikasturtearen Hasiera Ekitaldiaren baitan eginditu deklaraziook, Euskal Herriko ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko ordezkari andana bildu dituen ekitaldian, Elorrion. Bertan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana De Castro eta Elorrioko alkate Idoia Buruaga; EAJ eta EH Bilduko ordezkariak, hezkuntza eragileetako hainbat ordezkari, sindikatuetakoak, kooperatibetakoak eta euskalgintza eta euskal kulturakoak.

Indartsu hasi dute ikasturtea ikastolek, Koldo Tellituk nabarmendu duenez. Bokaleko ama ikastola berriarekin, Bernat Etxepare ikastolaren zabalpenarekin, Lizeo berrian ireki dute Lanbide Heziketa ere emanez, eta kolegioa ireki dute orain arteko egoitzan. Era berean, Armentiako ikastolan Batxiler eskaintza ireki dute, bi gelarekin, eta Argantzon ikastolak lehen hezkuntza emateko proiektua ere hor dago. 110 ikastola dira, beraz, eta 56.000 ikasle inguru dituzte jada.

Asko dira, bestalde, eraikinak berritu dituzten ikastolak, berritzen ari direnak, edota berritzeko egitasmoak dituztenak. Batzuk aipatzearren, Gasteizko Armentia ikastola, Leioako Betiko ikastola, Oñatiko Txantxiku, Durangoko Kurutziaga, Tolosako Laskorain, Lekeitioko RM Azkue, Baionako Bernat Etxepare Lizeoa, Arizmendi ikastola, Elorrioko Txintxirri…. Espazio berritzaileak dira, eraldatzaileak, malguak, unean uneko beharretara moldagarriak... Horregatik jarri du martxan Ikastolen Elkarteak aholkularitza zerbitzu bat ikastolentzako, espazioen eraldaketa horretan laguntzeko.

Hezkuntzaren eraldaketan ikastolak egiten ari diren lana ere mintzagai izan du Tellituk. Euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritzen den eredu pedagogikoaren bitartez ari dira ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hori garatzeko eta gelaratzeko ikasmaterial berriak sortu dituzte eta sortzen ari dira, EKI proiektuaren baitan.

Gipuzkoarako hezkuntza akordio bat

Halaber, Ikastolen Elkarteko lehendakariak hizpide izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza akordio baten beharra. Horren harira, eragileekiko Hezkuntza Sailaren konpromisoa nabarmendu du Tellituk, eta kronograma bat ezarri duela azpimarratu.

Hezkuntza akordioaren ostean Hezkuntza Lege berri bat egon behar dela gaineratu du, eta horri begira ikastolek dokumentu bat garatu dutela adierazi: "Guk eskatzen dugun legea da hezkuntza sistemako ikastetxe guztiak barne bilduko dituena, hezkuntza zerbitzu publikotik abiatuta, eta nolabait esan, publikotasun partekatu baterantz jarriaz", adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. "Baina, aldi berean, uste dugu lege horrek balio izan behar duela Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propio bat eraikitzeko, herri honentzat funtsezkoa delako gai hau, ezin dugulako Espainiako edo Frantziako lege murriztaileen pean egon, gainditu egin behar ditugulako. Kataluniako prozesuarekin ezagun egin den hitza erabiliz, hezkuntzari dagokionez, bederen, deskonexioa behar dugu", gaineratu du.

27 ikastola eta omenaldi

Ikasturte hasiera ekitaldian omenaldiaren tartea ere izan da. Aurtengo ekitaldian, azken lau ikasturteotan mende erdira iritsi diren 27 ikastola omendu dituzte. Merezi duten esker ona adierazi diete, eta, bereziki, urteotan guztiotan erakutsi duten konpromiso sendoa aitortu. Konpromisoa euren herri eta herritarrekiko, euskara eta euskal kulturarekiko, kalitatezko euskal hezkuntza eraldatzailearekiko eta ikasle guzti eta bakoitzarekiko.

Ekitaldian dantza ikuskizuna ere egon da, Lazkaoko Oin Arin taldearen eskutik. Hiru dantza eskaini dituzte, hasierakoa, ekitaldiaren erdian, eta amaitzeko beste dantza bat eskaini dute. Ekitaldiaren aurkezpena Kike Amonarrizen eskutik joan da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos