«Segurtasun txokoak» haur eta nerabeentzat

Denetariko jarduerak garatzen dira haurtxoko eta gaztelekuetan, euskara ardatz hartuta betiere.

47 udalerritan 100 gune dituen haurtxoko eta gaztelekuen sare zabala ezagutzera emateko, zerbitzuaren benetako protagonisten ahotsak bildu ditu Foru Aldundiak bideo batean

Gipuzkoako Foru Aldundiak haurtxokoen eta gaztelekuen sarea sustatzeko bideo bat prestatu du. Haurrak, nerabeak, gurasoak, hezitzaileak eta udal teknikariak dira protagonistak, foru erakundeak jakinarazi duenez.

«Kalitatezko aisialdi eskaintza baten bitartez, haurrei eta nerabeei gizartean dagokien lekua bermatzeko lan egitea» da, Aldundiaren oharrak dioenez, Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuen helburua. Guztira 100 gune daude, Gipuzkoako 47 udalerritan banatuta, eta 230 hezitzailek dihardute lanean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an jarri zuen martxan haurtxokoen eta gaztelekuen sarea indartzeko lehen kanpaina, Haur eta Nerabeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Ordutik bi urte igaro dira eta, marka berri bat sortzeaz gain, foru erakundeak ekimen desberdinak burutu ditu, udalekin batera, haurtxokoak eta gaztelekuak gizarteratu, indartu eta zabaltzeko asmoz.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Gazteen Sustapenerako zuzendariak adierazi duenez, «gaur aurkeztu dugun ikus-entzunezko lan honekin beste urrats bat eman nahi izan dugu Gipuzkoako haur eta nerabeentzat funtsezkoa den zerbitzu honen alde».

Era berean, azaldu du ezinbestekoa zela ekimen honetan zerbitzuaren ardatz diren pertsonei ahotsa ematea. Horren ondorioz, komunikazio kanpaina bideo batean oinarritu da, eta bertan, haurrak, nerabeak, gurasoak, hezitzaileak eta udal teknikariak dira protagonista. Bideoa Gipuzkoako herri desberdinetan grabatu da, aniztasuna eta errealitate desberdinak islatu ahal izateko.

Beste kanpaina bat irailean

«Segurtasun txoko bat, gizarte hobeagoa eraikitzeko aukera ematen duena, deskonektatzeko eta lagunekin egoteko gunea, herritartasuna aldarrikatzeko lekua, bide laguntza, maitasuna, errespetua, aniztasuna, pertsonak hezten dituen espazioa, haur eta nerabeak libre sentitzeko lekua» bezala deskribatzen dituzte elkarrizketetan parte hartu duten pertsonek haurtxokoak eta gaztelekuak.

«Zerbitzua ikuspegi desberdinetatik ezagutzea oso aberasgarria izan da, eta kalitatezko aisialdiaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu», nabarmendu du Alvarezek.

Bideoa www.gipuzkoangazte.eus atarian eta sare sozialetan egongo da ikusgai. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du irailean haurtxokoak eta gaztelekuak irekitzen direnerako izena emateko kanpaina lantzen ari dela. «Izena emateko kanpaina horretan ere, haurrak eta nerabeak izango dira protagonista», gaineratu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos