Hartu bastoiak eta arindu martxa!

Ezinbestekoa da ibiltzen hasi aurretik teknika ikastea. Artxiboko argazkia Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako ikastaro bati dagokio.

Asko ari da hedatzen azken urteetan Ipar martxa izeneko kirol modalitatea, bastoiez lagunduta ibiltzeak ibiltze soilaren onurak handitzen baititu

Udaberria ate-joka izateak beti pizten du naturarekin harremanetan egotea ahalbidetzen duen jarduera fisikoren bat egiteko gogoa. Are gehiago azken asteetan eguraldia zein goibela izan den kontuan hartuta. Grina hori duenak aukera ugari ditu, baina bada bat azken urteetan indar handia hartzen ari dena, Nordic Walking izenarekin heldu zena eta Ipar Martxa deiturarekin bertakotu zaiguna.

Ibiltze soila ez dago gaizki, baina Ipar Martxak -hau da, bastoiez lagunduta ibiltzeak-, areagotu egiten ditu onura horiek, gorputzaren goiko atala ere lantzen baitu, ez bakarrik behekoa. Eta, lehiaketa mailan praktikatu nahi ez bada, ia edonork egin dezake. Hori bai, bastoiak hartu eta ibiltzen hasi aurretik teknika ondo ikastea komeni da. Badago Euskal Herri mailako elkarte bat eta mendiko talde eta elkarte askok egin diote txoko bat euren ataletan eta programazioan Ipar Martxari, ikastaroak eskaintzen dituztelarik.

Kirol horren praktikarako ibilbide ugari dituen Donostiako Miramon Teknologia Parkean grabatutako bideoan, Ipar Martxa zertan datzan argitzen du Agustin Urretabizkaia Club Vasco de Camping Elkarteko Ipar Martxako konpetizio-talde abiatu berriko kideak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos