Handiegiak izaten jarraitzen duten zenbaki lotsagarriak

Artxiboko argazkian, jabeek abandonatutako katu bat,
Artxiboko argazkian, jabeek abandonatutako katu bat, / DV

Iaz 104.501 txakur eta 33.330 katu jaso zituzten Espainiar estatuko animalien babeserako elkarteetan

MIREN IMAZ

Oraintsu egin du premiazko deialdia Gipuzkoako Animalia eta Landareak Babesteko Elkarteak: toki faltatik oso hurbil dauzka Usurbilgo instalazioak; baliabiderik gabe dabil langileekiko obligazioei eta han bilduta dauzkan animalien beharrei aurre egiteko. Zeren eta, gezurra badirudi ere, animaliak abandonatzeko ohiturak ez du behera egin. Aitzitik, maiatzean eta ekainean gora egin zuen berriz Gipuzkoan behera bidean zirudien kopuru lotsagarriak: gipuzkoarrok 120 txakur abandonatu genituen maiatzean eta ekainean: 63 maiatzean eta 57 ekainean. 2017ko lehen sei hilabeteetan, 325. Urtaro batetik bestera kopurua ez denez asko aldatzen, ez da zaila kalkulatzea zenbait izango diren urtea amaitzerako...

Eremua zabaldu ahala, ehunekoak milako bilakatzen dira, eta milakoak ehun milako... Hala, Affinity Fundazioak emandako datuen arabera, 2016 urtean Espainiar estatuan 137.000 txakur eta katu jaso zituzten animaliak babesteko elkarteetan: 104.501 txakur eta 33.330 katu. Txostenaren egileek argitu dutenez, katu abandonatuak txakurrak baino hobeto moldatzen dira euren kasa kalean, errazago integratzen dira kaleko katu-komunitateetan eta, horrenbestez, gutxiagotan bukatzen dute elkarteen babeslekuetan.

Traste zaharren pare

2008an 156.858 animalia abandonatu zenbatu zirenetik, behera egin du urterik urte kopuruak. Hala ere, gehiegi izaten jarraitzen dute jabeek traste zaharrak izango balira bezala tratatzen dituztenak. Berez, ez dabiltza oker jabe horiek, animalien babesaren alde lan egiten duten elkarteek behin eta berriro alda dadin eskatu duten Kode Zibilak gauzatzat baititu.

Txostenak argitzen du, dena den, babeslekuetara iristen diren animalia denak ez direla maskota abandonatuak. Galdutakorik ere badago. Hala, babeslekuetara eramandako hamar animaliatatik bi etxera itzuli ziren, identifikatuta zeudelako eta, horri esker, jabeak lokalizatzea posible izan zelako. Tamalez, aterpeetara iristen diren animalien artean oso gutxi daude identifikatuta: txakurren %30, eta katuen %3 baino ez.

Animaliak abandonatzeko arrazoi nagusien artean, berriz, lau aipatzen dituzte: kumaldi handiegiak (%15), animaliaren portaera txarra (%15), arazo ekonomikoak (%12) eta ehiza-denboraldiaren amaiera (%10).

Eta zer gertatzen da bide desberdinetatik (10etik ia 7 kalean aurkitzen dira, abandonatuta, eta gainerakoak partikularren baten eramaten ditu, oso gutxitan jabean berak) babeslekuetara iristen diren animalia horiekin? Esan bezala, etxera itzultzen dira %20, %44 adoptatu egiten dituzte, %10 akabatu egiten dituzten eta %14k babeslekuan jarraitzen dute, beste irtenbideren baten zain.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos