Hamar urte 'Lanbide Heziketa aukera paregabea' dela erakusten

Eskualdeko ikasle eta ikastetxeen arteko topagune izan ohi da azoka. /OLIDEN
Eskualdeko ikasle eta ikastetxeen arteko topagune izan ohi da azoka. / OLIDEN

Bi egunez egingo da Goiaz! Debagoieneko LHren azoka Arrasaten. 10. edizioan, enplegu azoka da berrikuntza nagusia

Egunotan berretsi du deialdia Hezkuntza Sailak: enpresen beharrak asetzeko, eta aldi berean gazteei lanpostuak bermatzeko, ikasle gehiagok egin beharko lukete EAEn Lanbide Heziketaren aldeko apustua. Erabaki hori hartzeko lehen urratsa, jakina, aurreiritziak baztertzen eta aukerak baloratzen hasteko ezinbestekoa den informazioa lortzea da. Zentzu horretan, eredugarritzat jo daiteke aurten 10 urte betetzen dituen Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren azoka.

Bi egunez egingo da Arrasateko Kulturaten, apirilaren 17an eta 18an, 'Lanbide Heziketa aukera paregabea' dela gogoratuz. Debagoieneko Mankomunitateak, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatzen duen ekimenaren helburu nagusia, hasieratik, «Lanbide Heziketa ezagutzera ematea eta lan-merkaturako balizko aukera bezala aurkeztea; bereziki gazteei, baina baita langile, guraso eta orokorrean herritarrei ere».

Azken hamar urteetan, diote antolatzaileek, «milaka dira Kulturateko klaustroan jartzen diren standetatik pasatutako bisitariak eta badirudi pixkanaka emaitzak lortzen ari garela; lanbide heziketa ikasi daitekeen eskualdeko 7 ikastetxeetan 1.120 ikasle daude matrikulatuta, 30 ziklo desberdinetan«.

Antolatzaileek gogoratzen dute «Lanbide Heziketa aukeratzerakoan, bide guztiek zabalik« jarraitzen dutela: »unibertsitatean jarraitzeko, edo alderantziz, unibertsitatetik lanbide heziketara joateko, erdi-mailako zikloetatik goi-mailakoetara pasatzeko, edota Dual sistemaren bidez, enpresan lan egin bitartean, lanbide heziketa ikasteko. Azken urte hauetan ezagutu ditugun esperientziek horixe erakutsi digute, hain zuzen«.

Beste ezaugarrietako bat «enpresarekin duen harreman estua da. Lanbide Heziketak bi urtetan lanerako prestatzen ditu pertsonak, eta hainbat ziklotan laneratzea %100 da«. Harreman estu hori islatzeko, aurten, azokara enpresen presentzia ekarri nahi izan dute. Eskualdeko hainbat enpresek dituzten langile beharrak zeintzuk diren azalduko dute, lan eskaintzak publikatu eta lan-elkarrizketak bertan eginez. Aurtengo berrikuntza nagusia, hain zuzen, Enplegu Azoka hori da.

Lanbide heziketako ikastetxeez gain, eskualdean prestakuntza eta enplegu-zerbitzuak eskaintzen dituzten beste hainbat erakundek ere parte hartzen dute Azokan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos