Guztiona den paisaia, guztion informazio iturrian

Ibaien inguruko paisaia etengabe aldatzen da. Argazkian, Urumea ibaiaren gainekjo zubi berria, Martutenen. / LOBO ALTUNA

Wikipedian Euskal Herriko ibaien inguruko paisaiei buruz dagoen informazioa handitu nahi dute Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta OndareBideak lehiaketa baten bidez

Urrian zehar ondareari buruzko ekimen ugari ari dira antolatzen Europa osoan, 50 herrialdetan Ondarearen Europako Jardunaldiak ari baitira egiten. 26. ediziorako, gogoetarako zein ekintzarako bide asko eskaintzen dituen gaia aukeratu dute: 'Gure paisaiaren eraikuntza'.

Proposamen horretatik abiatuta, ibaietan eta horien inguruko paisaian oinarritutako lehiaketa jarri dute abian Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta OndareBideak. Elhuyar Fundazioak eta Eusko Ikaskuntzak ere egin dute bat hilabete osoan zehar gauzatuko den lehiaketarekin.

Ibaien inguruko paisaien balioa nabarmentzeko bi aukera proposatzen ditu lehiaketak: argazkiak bidaltzea eta artikuluak garatzea. Gaia mugatzeko, hemen ikus daitekeen artikulu zerrenda osatu dute. Ibaiak eta horien inguruan aurki daitezkeen elementu ugariak (zubiak, errotak, ontziolak, urtegiak, presak, kondairak…) biltzen ditu zerrendak, eta hori osatzea da proposatzen den erronka.

Bi sari banatuko dira, Elhuyar Fundazioa eta Eusko Ikaskuntzaren eskutik: argazkirik onenari bata edizio lehiaketako irabazleari bestea. Atal bakoitzeko irabazleak 4 liburu, 2 DVD eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren urtebeteko harpidetza digitala jasoko ditu. Horrekin batera, lehiaketa abian jarri dutenek zabaldu duten oharrean irakur daitekeenez. “OndareBideak gunean bidalitako argazkiekin ibilbideak sortuko dira, bertan dauden beste edukiekin harremanetan jarriz eta aberastuz”.

Urriaren 1ean zabaldu zen lehiaketa, eta hilaren 31ra bitartean izango da zabalik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos