GuraSOS-ek uste du «gaindituta dela errauste-plantaren beharraren eztabaida»

Hitzartu prozesuarekin jarraitzeko asmoa du GuraSOS-ek. Argazkian, iazko abenduan Donostian egindako saioa./MICHELENA
Hitzartu prozesuarekin jarraitzeko asmoa du GuraSOS-ek. Argazkian, iazko abenduan Donostian egindako saioa. / MICHELENA

Plataformaren ustez, Zabalgarbik egindako proposamenaren ondoren «teknikoki posible da gaur egun jada martxan dauden azpiegiturak baliatzea» eta falta dena «borondate politikoa da»

 Asteazken honetan Donostian egindako agerraldian, Zubietan eraikitzen ari den errauste-plantari aurre egin dion GuraSOS plataformak esan du «gaindituta dela errauste-plantaren beharraren eztabaida», Bizkaiko Diputazioak Zabalgarbi baliatzeko Gipuzkoari egin dion eskaintzaren ondoren agerian geratu delako «Donostian eraikitzen ari den errauste-planta ez dela beharrezkoa» eta «borondate politikorik» izanez gero «teknikoko posible» dela «jada martxan dauden azpiegiturak baliatzea eraginkortasunez».

Honako datu hauetan oinarritzen du baieztapena plataformak: «Zabalgarbik ematen dituen datuak hartu eta lehen analisi azkar batean ikus daiteke 240.000 tona erretzeko gaitasuna duela. Gaur egun 221.000 tona erretzen ditu, hauetatik 152.000 tona sailkatu gabeko hondakin. GHKren koefizientea aplikatuz, 152.000 tona hauek modu egokian aurretik tratatuz gero, 60.000 tona gutxiago lirateke erretzekoak, beraz 161.000 tonara jeitsi liteke erre beharrekoa. Horretaz gain, gaur egun erretzen denetik 14.000 tona, egur eta sailkatutako plastikoz osatua da. Hauek ere berrerabilpen zirkuitoetara bideratuz, 147.000 tona lirateke erretzekoak urtean. Beraz kalkulu azkar batzuk aplikatuz, ikus daiteke: 240.000 (gaitasuna) - 147.000 (nahastutako zaborra aurretik tratatuz gero erretzeko geratuko litzatekeena) = 93.000 tona jasotzeko gaitasuna izango lukeela Zabalgabik».

Eta ondorio hau ateratzen du: «Zabalgarbiren azpiegiturak erabiliz eta hondakinak aurretik trataera egokia jasoaz gero, Gipuzkoak 16.000 tona baino gutxiago izango lituzke bideratzeko, Donostiako erraustegiaren proiektuan aurreikusitako 200.000 tonako gaitasunetik oso urrun».  Diputazioak berak emandako datuak ere zabaldu dituzte: «2017an 152.427 tona errefusa sortu ziren. GHK-ren proiektuaren arabera, TMBan tratatu ostean, erraustu beharreko soberakina 108.985 tonakoa izango litzateke (ez 162.000 tona)».

Baina «Diputazioak emandako datu horiek ontzat emanda ere, ikus daiteke Zabalgarbik egindako eskaintzaren ostean, 39.000 tona baino ez direla falta tratatzeko. Beraz, esan beharrik ez dago kopurua hain txikia izanik, horrek ez duela inondik ere justifikatzen ekonomikoki zein ingurumenaren ikuspegitik hain garestia den azpiegitura».

«Agian badaude beste faktore batzuk ere kontuan hartu beharrekoak -onartzen dute-, baina datu hauek mahai gainean jarri, aztertu eta eztabaidatzea ezinbestekoa» dela uste dute. Horrenbestez, dei egin die «Gipuzkoako Diputazioari eta GHK-ri, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspegitik abantailak baino izango ez dituen irtenbide alternatibo baten aukera aintzat hartzeko. Eta, era berean, oposizioan dauden taldeei irtenbide adostua errazteko eskatzen die. Gipuzkoak normaltasuna eta jendartearen konfiantza berreskuratu behar ditu. Gipuzkoa positiboago baterako garaia da».

GuraSOS-ek dei egiten die Gipuzkoako Diputazioari eta GHK-ri, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspegitik abantailak baino izango ez dituen irtenbide alternatibo baten aukera aintzat hartzeko. Eta, era berean, oposizioan dauden taldeei irtenbide adostua errazteko eskatzen die. Gipuzkoak normaltasuna eta jendartearen konfiantza berreskuratu behar ditu. Gipuzkoa positiboago baterako garaia da.

Koordinazio falta

GuraSOS-ek, era berean, hemeroteketatik atera ditu EAJ eta PSE-EEko kide ezagunen (Josu Madariaga, Denis Itxaro, Iñaki Anasagasti eta Luis Alberto Aranberri 'Amatiño') hitzak, zeinetan esaten zuten errauste-planta ez zela beharrezkoa.

EAEko erakunde orokorrak ere izan ditu gogoan. «GuraSOS-ek aukera hori aztertzeko eskatu izan dio publikoki Eusko Legebiltzarrari. Gaur-gaurkoz, erantzunik gabe jarraitzen dugu», esan du. Eusko Jaurlaritzarentzat mezu argia dute, hondakinen auzian dagoen «planifikazio eta koordinazio falta» Jaurlaritzaren erantzukizuna dela baitiote.

«Zergatik ez dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean koordinazio eta planifikaziorik? Zergatik ez da lehen momentuan, hau da, 2015ean, euskal instituzioen arteko elkarlana sustatu? Zergatik ez da aztertu nahi izan ea gaur egungo azpiegiturak nahikoak ote diren, Zabalgarbiko instalazioa kasu, hiru herrialdeek dituzten beharrei aurre egiteko? Itsu-itsuan erabaki da beste azpiegitura bat eraikitzea; baina,  aztertu al da nolakoa beharko lukeen? Ze dimentsiotakoa beharko lukeen? Ez bada aztertu, zergatik?», dira Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari luzatu dizkioten galderak.

Jaurlaritzari leporatu diote «argi berdea» eman izana «hainbat eskaerei, hiri-hondakinak kudeatzeko planaren babesik gabe, eta kasu batzuetan aurkakoa dela jakin arren. Esaterako, hiri-hondakinak zabortegi industrialetan isurtzea (Mallabia edo Mutiloa). Edo Donostiako azpiegituraren kasua, planak eskatzen zuen eskorien tratamendua bertan egitea ez bete arren, baimendua izan da».

«Hiri-hondakinak tratatu eta deuseztatzeko azpiegituren planifikazioaren eta koordinazioaren ardura» Jaurlaritzarena dela ekarri du gogora. «Eta ez da betetzen ari. Ardura hori foru aldundien esku ari da uzten, inolako koordinaziorik gabe». Hala ere, «Eusko Jaurlaritzaren eskumenaren utzikeria harago doa, ordea. GHK-ren barruan Bizkaikoak diren herriak daude (Mallabia adibidez) eta ondorioz ez da bidezkoa Gipuzkoako arau foralak baliatzea proiektu honetarako: kontratuaren errekurtsoa ez zuen Gipuzkoako Diputazioak konpondu behar, autonomia erkidego organoek baizik».

«Gaur salatutakoa zein herritarron eztabaida ukatuz ezkutatu diren bestelako ondorio, datu eta informazio zabaltzen jarraituko dugu datozen asteetan, Hitzartu prozesuaren barruan», aurrratu dute, berretsiz «jendarteak izango duela azken hitza». Herritarren ekarpen ekonomikoa eskatu dute aurrera egiteko. Gurasos-en eta hitzartu-ren web orrietan aurki daitezke horretarako bideak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos