Gune euskaldunenetako kaleetan egin du batik bat atzera euskarak

Soziolingustika Klusterreko kideak, aurkezpenari ekin aurretik./DV
Soziolingustika Klusterreko kideak, aurkezpenari ekin aurretik. / DV

Araban eta Nafarroan izan ezik, gainerako lurralde guztietan apaldu egin da azken hamar urteetan euskararen kale-erabilera, %13,7tik %12,6ra jaitsi baita

N. AZURMENDIDonostia

Euskararen kale-erabilera neurtzen 1989an hasi zen Soziolinguistika Klusterra, berariaz sortutako metodologia baliaturik: behatzaileak jarri kalean eta jendearen arteko elkarrizketei erreparatu, jakiteko zein hizkuntza darabilten. Milioi erdi pertsonaren arteko elkarrizketak aztertzera iritsi dira azken kale-neurketaren azken edizioan...

Aurreneko neurketak, 1989ak, erakutsi zuen Euskal Herriko herri eta hirietako kaleetan entzun zitezkeen elkarrizketen %10,7 zirela bakarrik euskaraz (azterketak ez ditu aintzat hartzen gainerako eremuetako -etxea, lagunartea, lantokia...- erabilerak). Gora egin zuen etengabe kopuruak 2006 urtera arte, %13,7ra helduz, eta orduz geroztiko bidea beheranzkoa izan da.

Asteazken honetan Donostian aurkeztu diren datuen arabera, 2006-2016 hamarraldian ia puntu bat egin du atzera euskararen kale-erabilerak: %13,7tik %12,6ra. Lurraldeka, abiapuntu oso apalak zituzten Araba eta Nafarroa dira salbuespen bakarrak. Araban, hain zuzen, orain arte jasotako emaitzarik onenaren pare iritsi da erabilera, eta Nafarroan %5,7tik %6,7ra igo da azken bost urteetan. Bizkaian, berriz, azken hamar urteetan egin du behera, %8,8an geratuz, eta Ipar Euskal Herrian, non beheranzko joera etenik gabea da 1998az geroztik, inoizko tasa baxuena erregistratu da: %5,3koa.

Kale-erabilera Gipuzkoan da altuena, %31,1ekoa. Hala ere, Gipuzkoari dagokion datua ez da batere ona, azken bost urteetan 1,5 puntuko murrizketa izan baitu euskararen kale-erabilerak.

Esan behar da VII. neurketa honek berretsi egin duela azken urteetan nabarmentzen joan den joera bat: gune euskaldunenetan ari baita batik bat atzera egiten euskara, kaleko erabilerari dagokionez. Hala, euskaldunak %50 baino gutxiago diren lekuetan mantendu egin da euskararen erabilera maila, baina biztanleen erdia baino gehiago euskaldunak diren lekuetan atzera egin du.

Hurrengo egunetan patxadaz eta sakontasun handiagoz aztertuko diren datuen artean nabarmendu daiteke, halaber, haurrak eta gazteak direla, ordena horretan, kalean euskara gehien erabiltzen dutenak, eta adin guztiak aintzat hartuta emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dutela euskera kaleko solasean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos