Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuek ikasturte berriari ekin diote

Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Zerbitzuko teknikariak, sarearen denboraldi berriari buruzko aurkezpenean
Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Zerbitzuko teknikariak, sarearen denboraldi berriari buruzko aurkezpenean

Haurtxokoen eta gaztelekuen eskaintza 4 eta 11 urte bitarteko umeentzat eta 12tik 17 urte arteko gaztetxoentzat da

DVDonostia

Udako oporraldiaren ostean, Gipuzkoako haurtxokoek eta gaztelekuek euren ateak ireki dituzte. Hori dela-eta, Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak, lurraldeko udalekin elkarlanean, gonbidapena egin nahi die haur eta nerabe gipuzkoarrei zerbitzu horietara gerturatu eta bertan parte hartzeko.

Foru Aldundiko arduradunek azpimarratu dutenez, "haurtxokoek eta gaztelekuek gizartean dagokien lekua aitortu nahi diete, eskaintza ludiko eta hezitzaile baten bitartez, euren aisialdirako eskubidea bermatuz eta lagunekin egoteko leku bat eskainiz". Horregatik, zerbitzu horietan haurrak eta nerabeak dira protagonistak eta, hain zuzen ere, martxan jarri berria den kanpainaren leloak haien munduaren aldeko aldarrikapen garbia egiten du: 'Nire lekua, nire lagunak, nire mundua'.

Haurtxokoek eta gaztelekuek eskaintzen duten "berezko mundu" horretan, ondo pasatzeaz eta gozatzeaz gain, neska-mutilek parte hartzeko eta balioak garatzeko aukerak dituzte hezitzaile profesionalen laguntzarekin: gizartean murgiltzen dira, euren autonomia lantzen dute, besteekin egoten ikasten dute… Espazio horiek beraienak dira eta, horregatik, zerbitzuak haien parte-hartzea sustatzen du, bai jarduerak proposatzean, bai antolatzean, eta baita garatzeko orduan ere.

Lurralde osoan

Halako 100 gune daude martxan lurralde osoan. 47 udalerri ezberdinetan kokatuta daude, zehazki. 44 haurtxokok, 43 gaztelekuk eta haurrei zein nerabeei zuzendutako bestelako 13 zerbitzuk osatzen dute sarea. Bertako profesionalei dagokienez, guztira 230 hezitzailek dihardute Gipuzkoako adingabeentzako zerbitzu hauetan.

Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusia haurtxokoen eta gaztelekuen udal-sarea indartzen eta hobetzen ari da azken urteotan, horretarako udalekiko elkarlana bultzatuz. Ildo horretan, 2017. urtean, guztien artean marka berri bat sortu dute sarearen balioa nabarmentzeko eta zabaltzeko asmoz: “Gipuzkoako Haurtxokoak eta Gaztelekuak”.

Marka berri honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak fase berri bati ekin nahi dio, denon artean indarrak batu eta haurrentzako eta nerabeentzako kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos