Gipuzkoako eskola txikiak igandean elkartuko dira Oikian

Oikiako eskolako irakasle eta ikasleak, maiatzaren 29an, jaiaren aurkezpenean./SARA UTRERA
Oikiako eskolako irakasle eta ikasleak, maiatzaren 29an, jaiaren aurkezpenean. / SARA UTRERA

Une honetan herrialdean dauden 26 eskola txikietako ordezkariak eta milaka herritar bilduko dira Zumaiako auzo horretan, txikiak izan arren ezinbestekoak direla aldarrikatzeko

Txikiak badira ere, ez dira gutxi. Ekarpena, berriz, handia egiten dute. Izan ere, Gipuzkoako 26 herri eta auzotara daramate bizia igande honetan, ekainak 10, Zumaiako Oikia auzoan elkartuko diren herrialdeko eskola txikiek. Jaiaren 31. edizioa izango da aurtengoa, 1988an egin baitzen aurrena, Bidegoianen.

Maiatzaren amaieran egindako aurkezpenean azaldu zutenez, festa giroan elkartuko da Eskola Txikien komunitatea, eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzeko. 'Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik' da aurten ere festaren leloa, garrantzitsua baita urtero gogoratzea zein sakona den lotura hori, eta eskola txikien garrantzia azpimarratzea.

Jaiari dagokionez, harrera ekitaldia 10:30ean izango da. Itziar Garciarena Oikiako Eskolako zuzendariarekin batera, ekitaldian parte hartuko dute Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea lagun dueka; Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Oier Korta Zumaiako alkateak.Gipuzkoako Eskola Txiki askotako zuzendariak eta hezkuntza munduko eragile, federazio eta guraso-elkarteetako ordezkariak ere bilduko dira ekitaldira.

20:00ak arte luzatuko den egitaraua bost gunetan gauzatuko da. Besteak beste, jolasak, tailerrak, zaldiak eta pottokak, puzgarriak, pailazoak, dantzak eta apar festa izango dira. Eskolako haurrek beste herrietako haurrak eta gaztetxoak ere gonbidatu dituzte ekainaren 10ean Oikiara gozatzera etor daitezen. Eskultura berezi bat ere egingo dute guztien artean eta, amaituta dagoenean, Oikiako eskola berrian jarriko dute.

Diru propioa

Antolatzaileek eskatu diete bertaratzeko asmoa dutenei ahal dela erabil dezatela garraio publikoa. Lurraldebusek autobus txikiarekin zerbitzu berezia jarriko du orduero, egun guztian zehar Zumaiatik Oikiara joan-etorriak egiteko. Aurkezpenean gogoratu zuten, halaber, Gure Esku Dagok antolatutako giza-katea dela-eta, kanpotik doan jendearentzat A8 autopistan 48. irteera hartzea eta Zestoako bidea hartu ondoren, Iraeta-Aizarnazabal-Oikia bidea hartzea komeni dela.

Igandeko festak, bestalde, baditu bi elementu berezi: zokormazoa eta Mantziorko zubia. Zokormazoa da festaguneko postuetan erabiliko den diru propioa. Horietan ez dda eurotan funtzionatuko, eliza aurrean egongo den postuan erositako txartel bereziekin baizik, zokormazoekin. Zokormazoa, egurrezko mailu handia da, baserriko hainbat lanerako erabilia; pertsona trakets, zabar edo ezjakinari ere deitu izan zaio zokormazo. «Hi haiz hi, zokormazoa!». Oikiako traineruak Zarauzko bandera irabazi zuenean ateratako bertsoetan egiten da «oikiako zokormazoen» aipamena. Igandean erabiliko den 'moneta' izendatzeko berreskuratu dute hitz bitxi hori.

Mantziorko zubia ere guztiz txertatuta dago Oikiaren historian. 500 urte baino gehiago dituen zubi ikusgarria da eta Oikiako plazatik 600 metrora dago, Urola ibaiaren gainean. Plazatik bertarako ibilbidea ongi seinalizatuta jarriko da, bisitariek ikustera joan nahi badute bidea erraz egin dezaten. «Haurren erropetan erabili den logotipoan ere zubi hau ageri da, irribarretsu», gogoratu dute antolatzaileek igandera begirako informazio praktikoa zabaltzeko banatu duten oharrean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos