Gazteak gero eta gusturago omen daude euren egoerarekin

Gazte talde bat, astelehen honetan, musika jaialdi baterako bidean.
Gazte talde bat, astelehen honetan, musika jaialdi baterako bidean. / EFE

15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetatik seik uste dute gurasoek bere adinean bizi zuten egoera baino hobea bizi dutela

EAEko gazte gehienek uste dute euren gurasoak gazte zirenean baino egoera hobean daudela. Zehazki, hamar gaztetatik seik, % 58,5ek, hala uste dute. 15 eta 29 urte bitarteko herritarren artean egindako inkestetan oinarrituta Gazteen Euskal Behatokiak eginiko ikerketetatik atera da Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ohar baten bidez zabaldu duen ondorioa.

Datu horrek adierazten du gero eta gusturago daudela gazteak euren egoerarekin; esan liteke gero eta baikorragoak direla. Pertzepzio hori, hain zuzen, aldatu egin da azken urteotan. 2008an, krisialdiaren hastapenetan, lau gaztetatik hiruk uste zuten bere gurasoek adin berean bizi zuten egoera baino hobea bizi zutela. Gauzak konplikatu ahala, uste hori gero eta gazte gutxiagok zuten eta, 2013an, erdiak baino ez zuen uste gurasoek bere adinean bizi zuten egoera baino hobea bizi zuela (% 51,1). Orain, gora egin du berriz ere gurasoek bere adin berean bizi zuten egoera baino hobea bizi duela uste duen gazte-kopuruak (% 58,5).

Gazteen Euskal Behatokiak bildu duen informazioaren arabera, ez da alde esanguratsurik ikusten gizon eta emakume gazteek egiten duten balioespenean, baina adinak badakar pertzepzio desberdina izatea. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 74,9k uste du gurasoek bere adin berean bizi zuten egoera baino hobea bizi duela; 20 eta 24 urte bitarteko gazteek iritzi bera dute, eta ehunekoak behera egiten du 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean (% 44,2).

Adin-taldeen artean dauden desberdintasun horien motiboetako bat (baina ez bakarra) okupazioa izan daiteke. Ikasten ari direnen artean (20 urtetik behera dutenen arteko gehienak), % 68,5ek uste du bere gurasoak baino hobeto bizi dela; ehuneko horrek behera egiten du lanean ari diren gazteen artean (% 51,3), eta, are gehiago, langabezian daudenen artean (azken kolektibo horretan % 43,9k baino ez du uste gurasoek bere adinean bizi zuten egoera baino hobea bizi duela).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos