Gastronomia eta beste zenbait arlo, elkarrekin solasean

Gastronomia eta beste zenbait arlo, elkarrekin solasean

'Culinary Interaction' topaketan gastronomiak beste diziplina batzuekin lotzean zer bilakaera duen aztertuko da, Basque Culinary Centerren

Zer gertatzen da gastronomia beste diziplina batzuekin lotzen denean? Zientzialarien eta chefen arteko elkarrizketak sortu daitezke; minbizia daukaten haur edo helduen osasunean eragin positiboa izan dezake; elikadura-kateko katebegietan zeharreko bidaia bat egiten lagun diezaguke, iraunkorragoak izateko, edo artearekin edo zientziarekin uztartuz gero, sukaldaritza-esperientzia handiagoa izaten ere lagun diezaguke, besteak beste.

II. Culinary Interaction Jardunaldiak, Basque Culinary Centerrek Errioxa JDKren laguntzaz antolatuta, lehen mailako hitzaldiak eta hizlariak bilduko ditu azaroaren 8ko goizean (asteazkena) Donostian, gastronomiak beste diziplina eta dinamika batzuekin lotzean zer helmen duen ulertzeko, chefak beste errealitate batzuetara hurbiltzen direneko lekukotza iradokitzaileen bitartez.

Jardunaldian galdera honi erantzuteko ahalegina egingo da: zer gertatzen da gastronomiak beste diziplina batzuei eskua ematen dienean? Donostian hainbat hizlari elkartuko dira, zientziarekin, teknologiarekin, medikuntzarekin, nutrizioarekin eta ekintza humanitarioarekin lotutako esperientziak partekatzeko. Ekitaldia ikasleentzat eta gaiarekiko interesa duen edozein pertsonarentzat izango da, baina aurretik izena eman behar da, doan, helbide honetara idatziz: culinaryinteraction@bculinary.com

Culinary Interaction ekimena Basque Culinary Centerrek sortu zuen, Errioxa JDKren laguntzaz, gastronomiak diziplinarteko topaketei bide emateko duen ahalmena azpimarratzeko. Proiektua komunikazio eta elkarlan sare bat da; sukaldaritza beste errealitate batzuetara hurbiltzen denean, ezagutzaren beste arlo batzuekin proiektu aberasgarrietan bat egiten duenean zer gertatzen den agerian uztea xedea duena.

Jardunaldia eta hizlariak

Programako osagai nagusien artean, Paco Roncero nabarmentzen da, Espainiako abangoardiako ordezkari handienetako bat eta Madrilgo La Terraza del Casino (bi Michelin izar) eta Sublimotion jatetxeetako chefa. Bere hitzaldian arteak eta zientziak sukaldaritza-esperientzien marjinak nola zabal ditzaketen hausnartuko du.

Ada Parellada chef kataluniarra Bartzelonatik iritsiko da, foodwastearen problematika aztertzeko, elikadura-kateko katebegietan barnako bidaia baten bitartez. Hala, zaborrontzira hainbeste jaki non eta zergatik botatzen ditugun erakutsiko digu. Zergatiak eta konponbideak azalduko ditu, baita elikadura-plan iraunkor baten barruko aukerak eta mehatxuak ere.

Ildo horretan, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak oso zeharkakoa den kontzeptu bat landuko du: biodibertsitatea. Sukaldean ingurumenarekin harreman iraunkorrago bat izaten lagunduko duten paradigma berrien aldeko apustua egiteko beharra dagoela azalduko du.

Diziplinarteko ekitaldi bat izanik, Mugaritzek ezin zuen huts egin. Horregatik, bertako sormen-zuzendaria, Dani Lasa chefa, oholtzara igoko da, Juan Carlos Arboleya ikertzailearekin batera (Basque Culinary Center) Journal of Gastronomy and Food Science argitalpenari buruz hitz egitera (zientziaren eta gastronomiaren arteko elkarrekintzari buruzko lehenengo argitalpen zientifikoa). Biek chefen eta zientzialarien arteko elkarrizketak abiatzeko beharra azalduko dute.

Toni Massanés eta Marc Puig Peg sukaldaritzaren arloko ikerketa, garapen eta berrikuntza zentroa den Alicia Fundaziotik etorriko dira. Bertan, mugak edo gaixotasunak –minbizia, kasu– dituzten haur eta helduentzako elikadura-irtenbideak sortuz osasunaren arloan eragin positiboa izateko lanean aritzen dira egunerokoan.

Horrez gain, ekintza humanitarioaren arloko gaiez gogoeta egiteko tartea ere egongo da, Peio García Amiano ekintzailearen bitartez. Berak Zaporeak sortu zuen, Europako errefuxiatuei elikadura eskuratzen laguntzeko.

Espainiako Liburutegi Nazionalak iragana ezagutzeko aukera eta etorkizuna kozinatzeko inspirazioa eskainiko ditu hitzaldi batean. Hitzaldi horretan, Liburutegi Nazionaleko zuzendari Ana Santosek eta Fernando Sáenz chefak ChefBNE dokumental-sailari buruz hitz egingo dute. Sail horretan, zenbait ikertzaile eta sukaldarik, Espainiako sukaldaritza-ondareko errezeta ospetsuenen inguruko bidaia labur bat eginez, platerak berrinterpretatzen dituzte, eta saila bera sukaldaritzari, mestizajeari eta bere bilakaerari buruzko istorioen isla da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos