EIT Food nazioarteko partzuergoak Euskadin izango du egoitzetako bat

Besteak beste, ekintzailetza eta negozio-sorreraren arloan dihardu partzuergoak. Artxibiko argazkian, txukrut-fabrika Alemanian.
Besteak beste, ekintzailetza eta negozio-sorreraren arloan dihardu partzuergoak. Artxibiko argazkian, txukrut-fabrika Alemanian. / AFP

Bi urtez AZTI izango da Europa hegoaldeko jardueraz arduratzen den enpresaren buru

"Elikagai-hornidurako kate jasangarri eta lehiakorren sorrera sustatzeko", askotariko jarduera eta ekimenak garatzen dituen EIT Food nazioarteko partzuergoak Euskadin izango du egoitzetako bat. Egoitza nagusia Belgikan duen partzuergoak, hain zuzen, "berrikuntza, ekintzailetza, negozio-sorrera, komunikazioa eta hezkuntzaren" arloak lantzen ditu elikaduraren eremuan, eta berrikuntza eta enpresa-espiritua sustatzea xede duen European Institute of Innovation & Technology (EIT) erakundearen laguntza du . Datozen zazpi urteetan, 1.200 bat milioi euro inbertituko dituzte partzuergoko kideek, eta beste 400 milioi finantzatuko ditu EITk.

EIT Food partzuergoa beren alorretan aitzindari diren balio-kate osoko 50 enpresa, unibertsitate eta ikerketa-zentrok osatzen dute, guztiak ere Europar Batasunekoak eta herrialde elkartuetakoak. Europa Hegoaldeko jardueraz, berriz, EIT Food CLC South enpresa arduratuko da, eta AZTI izango du buru lehenbiziko bi urteetan. Haren bidez egingo dira nodoaren ekintzailetza- eta berrikuntza-jarduerak Espainian, Israelen eta Italian. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, laguntza emango dio ekimen horri Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, lehentasun estrategikotzat baitauka Euskadi herrialde lehiakorra izatea ezagutzari eta berrikuntzari dagokienez.

Izan ere, EIT Fooden ‘hegoaldeko nodoa’ delakoa aipatu hiru herrialdeetako hamaika bazkidek, eta zenbait alor osagarritan espezializatutako hamabost start-up enpresa berritzailek osatzen dute. Espainiar estatukoen artean Acesur, Angulas Aguinaga eta Grupo AN enpresak, AZTI eta CSIC ikerketa-zentroak eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoa aipa daitezke bazkideen artean. Italiak, berriz, bi bazkide ditu eta hiru Israelek. Kolaboratzaile-sareari esker, sektore horretako 1.200 bat enpresa txiki eta ertainekiko zuzeneko lotura du nodoak.

AZTIk ohar baten bidez azaldu duenez, "EIT Fooden hegoaldeko nodoaren egoitzetako bat kokatzeko hautatu izanak nekazaritzako elikagaien Europako industriaren erreferentziazko lurralde bihurtzen du Euskadi".

Oharrak gogoratzen duenez, "elikagaien geroa da Europako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat, elikadura baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren aukera-eremuetako bat. Honenbestez, funtsezkoa izango da EIT Fooden eduki-ekarpena elikadura-sistema osasungarri eta jasangarri bat eraikitzeko". "Gizartearen premiei erantzuteko ez ezik, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko ere aukera bikain baten aurrean gaude. Elikadura aukera-eremutzat hautatu du Euskadik, RIS3 espezializazio adimendun estrategiaren barruan, EAEko BPGaren % 10,6 sortzen baitu elikaduraren balio-kateak. Hazteko aukera bikainak ditu sektore horrek, eta kalitate- eta berrikuntza-balioak eransten dizkio Basque Country markaren nazioarteko irudiari", nabarmendu dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos