Borrar
Saridunak, Markel Olano diputatu nagusiarekin. G.F.A.
Fiskalitatea berritzeko lehiaketan, Donostiako Deutsche Schule irabazle

Fiskalitatea berritzeko lehiaketan, Donostiako Deutsche Schule irabazle

Foru Aldundiak lehen aldiz antolatu duen ideia lehiaketan Errenteriako Egiluz ikastetxea sailkatu da bigarren postuan

Martes, 12 de junio 2018, 18:43

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Zerga iruzurraren prebentzioaren inguruko ekimenen barruan, fiskalitatearen inguruko unitate bat sortu zuen Gipuzkoako Foru Ogasunak. Horren bitartez, eta webgune baten bidez, «ekonomiari eta zergei buruzko oinarrizko jakintza ikasleengana» hedatu nahi da, «DBHko 4. mailatik aurrera, kontzientzia fiskala handiago bat pizteko xedearekin».

Ikasturte honetan, ekimena lurraldeko 57 ikastetxe eta 2.000 ikaslera iritsi da eta, gainera, Araba eta Bizkaira hedatu da, eta ekimen horren baitan, «fiskalitatea berritzeko» ideia lehiaketa bat deitu da, lehen aldiz. Egitasmoan parte hartu duten ikastetxeen kopuruarekin alderatuta, ez dira asko animatu lehiaketan parte hartzera. Guztira, lau ikastetxek hartu dute parte. Lau ikastetxe horietako laugarren DBHko 76 ikaslek zazpi ideia aurkeztu dituzte Gipuzkoako zerga sistema hobetzeko.

Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno suertatu da irabazle. Gazteentzako mugikorrerako joko bat diseinatzea proposatu dute. Proiektuak 'Online kontzientziazioa' du izena, eta ekonomiari buruzko ezagutzarik ez duten 13-14 urte dituztenentzako App bat da. Helburua da zerga iruzurrak eragiten dituen kalteak ezagutaraztea. Bigarren saria, bere aldetik, Errenteriako Egiluze-Hijas de la Cruz ikastetxearentzako izan da. Ikasgelan garatu beharreko joko bat proposatu dute. Honen arabera, ikasleek denda bat eratu beharko dute eta, honela, kontabilitatea eta zergak ordaintzeari buruzko oinarrizko ezagutza lortzeko.

Astearte honetan egin den banaketan, Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du esperientzia «arrakastatsua» izan dela. «Etorkizunera begira, eta zerga iruzurraren arloan aurrera egin ahal izateko, egin dezakegun inbertsiorik onena da gazteen artean kontzientzia hedatzea, beraiek baitira biharko gizartea», esan du Olanok.

Lehen edizio «positiboa»

Diputatu nagusiak gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuna bere agenda politikoaren erdigunean jarri duela, Etrokizuna Eraikiz programaren bitartez. «Esan ohi dugun bezala, gaurtik biharko gizartea eraiki nahi badugu, gure ongizate sistema sostengatzen duten zutabeak bermatzen hasi behar dugu», azaldu du, Gipuzkoak eta gainerako lurralde historikoek duten autogobernu eta zerga sistema propioari erreferentzia eginez. «Ezagutzen dena ez da baloratzen, eta baloratzen dena ez da defendatzen. Horregatik da hain garrantzitsua belaunaldi berriei gure sektore publikoaren garrantzia ezagutarazten jarraitzea», azpimarratu du.

Honela, lehiaketaren lehen edizioa «positiboa» izan dela iritzi dio Olanok, eta parte hartu duten lau ikastetxeak zoriondu ditu. Denei diploma bana eman die, erakundearen esker onaren adierazle eta egindako lanaren aitortza gisa. Esan duenez, «oso interesgarriak» izan dira jasotako ideia guztiak. «Lehiaketaren ideiarekin, unitate didaktikoaren interaktibitatean sakondu nahi izan dugu. Hau da, bilatu duguna da ikaslea ez izatea informazio hartzaile pasibo hutsa, baizik eta ikasitakoaren arabera, konponbideak bilatzeko ahaleginean beraien inplikazioa lortzea», esan du. «Eta, jaso ditugun proposamenak ikusita, lortu dugu», itxi du diputatu nagusiak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios