Asteartean egingo da Eusko Ikaskuntzaren lehen gizarte foroa

Aurreneko urratsa herritarren mahaiak izan ziren. Argazkikoa Bilbon egin zen, martxoan, /EUSKO IKASKUNTZA
Aurreneko urratsa herritarren mahaiak izan ziren. Argazkikoa Bilbon egin zen, martxoan, / EUSKO IKASKUNTZA

Lehentasunezko gaien inguruko saioak antolatuko ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa hilaren 24an egingo da

Eusko Ikaskuntzak hausnarketa eta eztabaidarako gizarte foro eta mintegiak egingo ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 'XXI. mendeko euskal komunitatearentzat lehentasunezkoak diren ikerketa gaien inguruan'. Lehen hitzordua datorren asteartean izango da, maiatzaren 8an, Bilbon.

Ongizate eredua landuko duen Bilboko lehen foroaren ondoren, maiatzaren 17an lurralde estrategia izango da aztergai, Bilbon berriro. Maiatzaren 24an, euskal lurraldeen kohesio politikoa eta demokratizazioa aztertuko da, Donostian; maiatzaren 28an, aniztasuna eta kohesio bideak, Iruñean; ekainaren 7an, enpresa eta lan harreman ereduak, Bilbon; ekainaren 8an, euskararen etorkizuneko eszenatokiak, Gasteizen, eta, bukatzeko, ekainaren 13an, hedabideak, Iruñean

Ongizate eredua, pertsonen ekonomia, Euskal Herriko kokapena mundu globalizatuan, euskal lurraldeen arteko artikulazioa, hedabideen zeregina, etorkizuneko euskara edo lurralde eta gizarte kohesiorako elementuak dira datozen asteetan landuko diren gaietariko zenbait.

Ekimena 'Geroa Elkar-Ekin' prozesuaren baitan kokatzen da. Orain dela hiru urte Eusko Ikaskuntzak bultzatu zuen prozesu hori, eta 600 pertsona baino gehiago mugitu ditu orain arte. Helburua da euskal komunitateek XXI. mendean dituzten erronka eta aukera nagusien aurrean hausnatu eta gauzatzeko proposamenak lantzea da.

Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, gizarte foroetara lurralde eta eremu guztietako gizarte eragileak deituta daude (adituak, instituzioetako ordezkariak, iritzi sortzaileak eta abar). Prozesuan zehar nabarmendutako gako, galdera eta lehentasun nagusien inguruan elkarrekin hausnarketa burutzea da xedea.

Lehen topaketa Bilbon izango da, datorren asteartean, maiatzaren 8an, eta arlo sozioekonomiakoa jorratuko da. Gaia ongizate eredua izango da. Foro honetan, besteetan egingo den bezala, Liburu Berdea izango da abiapuntua, hots, aurreko faseetan bildutako diagnostiko eta klabeak.

Metatze eta biltze prozesu guztiak Liburu Zurian jasoko du bere emaitza, azaroan ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Biltzarrean aurkeztuko dena, beti ere, etorkizuneko Euskal Herriko lurralde eta gizartearen kohesioa eta elkarkidetza elkarrekin eraikitzeko proposamenak eta eszenatokiak jasotzeko helburuarekin.

.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos