Euskarazko ikus-entzunezkoen sormena eta kontsumoa sustatuko ditu Tabakalerak datorren urtetik aurrera

Aldundi, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udaleko ordezkariak/
Aldundi, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udaleko ordezkariak

Sormen industrien alde euskal erakundeek Tabakaleran egingo duten apustuaren baitan garatuko da egitasmoa

Egindako bidearen eta egitasmoaren oinarriak xehetu dituzte MUko ikerlari Amaia Pavonek eta Goiena Komunikazio taldeko zuzendari Iban Arantzabalek, zeinak gidatu duten orain arteko elkarlan prozesua. Jakitera eman dutenez, helburu nagusiari dagokionez, misio zehatza izango du laborategiak: euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa handitzea, sormen testuinguru berriak sustatuz, ekoizpen-eredu eta formatu berrietan esperimentatuz eta zabalkunde kanalak biderkatuz. Betiere, sektorea osatzen duten eragileekin elkarlanean eta herritarren partaidetza aktibatuz. Helburuak, berriz, ondorengo lau puntuetan ardazten dira: euskara sustatzea, irismena handitzea, sektorean eragitea eta nazioartekotzea sustatzea.

Laborategiak hainbat funtzio beteko ditu. Batetik, antena gisa funtzionatuko du: industriarako aukera berriak hauteman, nazioarteko tendentzietatik ekimen berriak proposatu, arrakastatsu eta berritzaile izan daitezkeenak identifikatu... Bestetik, inkubagailu papera ere jokatuko du, sorkuntzarako espazioak eta dinamikak baliatuta, ideia baten ahal guztiak ateratzeko. Prototipoak garatu eta produkzio fasera pasa aurreko testatzea lantzeko eremu bat ere izango du. Zeharka, gainera, sektorearen erraztaile lanak egingo ditu: interakzioa eta lankidetza, finantzazio aukerak, nazioartekotze estrategiak, eta abar. Amaitzeko, produktuen zabalkundea sustatzeko lan egingo du. Laborategia Tabakalerako ekosisteman integratuko da.

Euskarazko ikus-entzunezko 2deo laborategiaren proiektua sektoreko eragileekin luze eta zabal landutako elkarlan prozesuaren ondorioa da: 80 elkarrizketa luze sektoreko ordezkariekin eta bi 'world kafe', sei adituz osatutako kontraste mahaia, lurraldeko 2.500 neraberen artean UPV-EHUk egindako kontsumoari buruzko ikerketa, eta nazioarteko erreferentziekin kontraste jardunaldiak. Gainera, hainbat proiektu pilotu abiarazteko edo egokitzeko ere balio izan du laborategiak: esate baterako, Go!azen telesail arrakastatsuaren transmedia proiektua, Next Station izenarekin euskarazko websail bat sortzeko lehiaketa, edota JarriON aplikazioa, euskarazko edukiak kudeatzeko eta ikusteko.

"Ezinbestekoa hizkuntzaren erabilera areagotzeko"

"Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa gelditu edo geldiagotzeko arriskua dago", adierazi du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, "pantaila bidez kontsumitu daitezkeen edukien sorreran sistematikoki eraginda, euskarazkoen kontsumoa nabarmen handitu daiteke".

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den urtean ekin zion euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa hauspotuko zuen proiektu esperimental bat jorratzeari, etorkizuneko politika eta azpiegitura estrategikoak garatzeko martxan jarritako Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babesean. Ordutik garatutako lankidetza zabalaren ondoren, gaur aurkeztu eta partekatu du egitasmoaren diseinua Markel Olano diputatu nagusiak, eta jakitera eman du proiektua euskarazko ikus-entzunezkoen laborategi gisa hezurmamituko dela datorren urtetik aurrera.

Ordezkari publikoak bat etorri direnez, "euskarazko ikus-entzunezkoen sormena sustatzeko xedea erabat lerrokatzen da sormen industrien alde euskal erakundeak Tabakaleran gorpuzten ari diren apustuarekin". Hain justu ere arrazoi horrengatik, Tabakaleran bertan aurkeztu dute proiektua Aldundiko ordezkariek, bidelagun izan dituzten eragileekin egindako jardunaldi batean.

Ideia hori abiapuntutzat hartuta, ikus-entzunezkoen laborategiaren inguruan "sektoreak adierazi digu horrelako dinamizazio gune batean parte hartzeko prest dagoela. Eta pentsatu dugu Tabakalera dela kokapen egokia, sormenaren sustapena izango duelako eginkizun nagusi aurrerantzean", azaldu du. Tabakaleraren bilakaeraz hiru erakunde akziodunok adostutako ikuspegia azaldu dute, hain justu ere, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udaleko ordezkariek, Olanorekin batera.

Hala, Zinemaldia, Euskal Filmategia, Zine Eskola eta euskarazko ikusentzunezko edukien guneak "benetako ekosistema osatuko dute, eta bakoitzaren jardunak elkarrekin partekatuta, sorkuntzari lotutako aukera berriak irekiko ditu", Eneko Goia Donostiako alkatearen ustez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos