Bai Euskarari saridunak proposatzeko epea zabalik da

Donostiako Tabakaleran bi erakunde eta pertsona bat hautatuko dira saridun gisa, urriaren 6an
Donostiako Tabakaleran bi erakunde eta pertsona bat hautatuko dira saridun gisa, urriaren 6an / Lobo Altuna

Irailaren 17ra bitartean hautagaiak proposatu daitezke galdetegi digital baten bidez

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Baio Euskarari saridunak proposatzeko epea zabaldu du. Sariak urriaren 6an banatuko dira, Donostiako Tabakaleran, eta ordurako, bi erakunde eta pertsona bat hautatuko dira saridun gisa, alor sozioekonomikoan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik. Aurten ere Donostiako Udalak babestu du ekimena.

Ziurtagiriaren elkarteak jakinarazi duenez, 2017ko edizioan, irabazleen aukeraketa publikoaren proposamenetatik abiatuko da. Aurten, Bai Euskarari Elkarteak publikoaren ekarpenak jaso nahi ditu saridunak zeintzuk diren erabaki aurretik eta, hori dela eta, ostiral honetatik irailaren 17ra bitartean hautagaiak proposatzeko epea zabalik egongo da. Ondoren, Bai Euskarari Elkarteak izendatuko duen epaimahaiak hiru saridunak hautatuko ditu. Esteka honetan hautagaiak proposa daitezke.

Aurten ere hiru sari banatuko dira: Bai Euskarari ziurtagiria duten erakunde guztien artetik, bik Bai Euskarari Saria jasoko dute, eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasotzen duen saria euskararen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.

Horretan, hiru hautagai proposatu behar dira. Alde batetik, Bai Euskarari ziurtagiria dutenen artetik, bi proposatu behar dira Bai Euskarari Saria jasotzeko; aukeraketa egiteko, Bai Euskarari ziurtagiridunen mapa kontsulta daiteke esteka honetan. Beste alde batetik, pertsona bat hautratu behar da Bai Euskarari Laguna sariarekin aitortua izateko. Proposamenak jaso ondoren, Bai Euskarari Elkarteak izendatuko duen epaimahaiak hiru saridunak hautatuko ditu.

Berritasun moduan, bonuak

Aurtengo edizioan, berritasun moduan, proposamenak bidaltzen dituzten pertsonen artean bonuak zozkatuko dira Bai Euskarari ziurtagiria duten entitateen produktuetan edo zerbitzuetan gastatzeko.

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi dira.

Saridunak, urtez urte, ondoko hauek izan dira: 2009an, JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe; 2011an, Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu; 2012an, Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic); 2013an, VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak eta Anaje Narbaiza (Elay); 2014an, Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz; 2015ean, Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano;2016an, Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos