Bai Euskarari Sariak urriaren 6an banatuko dira

2015eko argazkian, Rober Gutierrezek Bai Euskarari Laguna saria Gaizka Garitanori eman zion unea. / DV

Irailean Bai Euskarari Saridunak eta Bai Euskarari Laguna proposatzeko aukera zabalduko da galdetegi digital baten bidez

Bai Euskarari Sariak banatzeko ekitaldia urriaren 6an izango da, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, 13:30 aldera. Aurreko urteetan bezala, hiru sari banatuko dira: ziurtagiria duten bi entitatek Bai Euskarari Saria jasoko dute, eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasoko duen saria, bereziki alor sozioekonomikoan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.

Bai Euskarari Elkarteak jakinarazi duenez, irabazleen aukeraketa publikoaren proposamenetatik abiatuko da. Irailean Bai Euskarari Saridunak eta Bai Euskarari Laguna proposatzeko aukera zabalduko da galdetegi digital baten bidez eta, ondoren, Bai Euskarari Elkarteak izendatuko duen epaimahaiak hiru saridunak hautatuko ditu. Berritasun modura, proposamenak bidaltzen dituzten pertsonen artean bonuak zozkatuko dira Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen produktuetan edo zerbitzuetan gastatzeko.

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua, eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi dira.

Saridunak, urtez urte, ondoko hauek izan dira: 2009an, JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe; 2011an, Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu; 2012an, Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic); 2013an, VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak eta Anaje Narbaiza (Elay); 2014an, Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz; 2015ean, Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano;2016an, Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos