Bai Euskarari sariak ekainaren 22an emango dira

Iazko sari-banaketako argazkia./SARA SANTOS
Iazko sari-banaketako argazkia. / SARA SANTOS

Irabazleak aukeratzeko garaian, publikoaren proposamenak ere hartuko dira aintzat

Bai Euskarari Sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 22an izango da, Donostiako Tabakalera Kukltura Garaikideko Nazioarteko Zentroan, 14.00etan. Ekitaldira bertaratzeko izena emateko epea maiatzaren 28an zabalduko da.

Bai Euskarari Elkarteak adierazi duenez, aurten ere bermatuta egongo dira «ospakizun eta elkartasun giroa». «Udara hasiera eta ekaineko solstizioa nahikoak izango dira euskarari eta euskararen erabilera sustatzeko lanean ari direnei argia emateko», esan du.

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua, eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta «eredu bihurtu nahi dira, modu berezi batean, elkartasun eta Bai Euskarari komunitatearen berotasunetik».

Aurreko urteetan bezala, hiru sari banatuko dira: Bai Euskarari ziurtagiria duten bi entitatek Bai Euskarari Saria jasoko dute, eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasoko duen saria, bereziki alor sozioekonomikoaren espazioetan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.

Irabazleak aukeratzeko garaian, publikoaren proposamenak ere hartuko dira aintzat, eta ondoren, Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzak hiru saridunak hautatuko ditu. Publikoak galdetegi baten bidez aukera dezake irabazle izateko hautagaia.

Aurreko urteetako saridunen artean daude JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe (2009); Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu (2011); Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (2012); VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (2013); Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz (2014); Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano (2015); Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz (2016), eta Miren Fuldain Farmazia (Getaria), Zergatik (Urnieta), Joxemari Sors eta Jon Jaka (2017).

Bai Euskarari Sarien bidez euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditu Bai Euskarari Elkarteak. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiriaz gain, euskal komunitate profesionala sendotu eta hizkuntza integratzeko bideraturiko espazioak, baliabideak eta tresnak sortu eta garatzeko dihardu elkarteak, elkarlanean. Besteak beste, Enpresarean, Lansarean lan ataria eta Lanabes, Araban Euskara Lanean dira martxan jarritako egitasmoak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos