Euskararen lurralde denen arteko lankidetza «naturala»

Ezkerretik eskuinera, Mikel Arregi, Mathieu Bergé, Ana Ollo, Bingen Zupiria eta Miren Dobaran./IREKIA
Ezkerretik eskuinera, Mikel Arregi, Mathieu Bergé, Ana Ollo, Bingen Zupiria eta Miren Dobaran. / IREKIA

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko hitzarmen bat sinatu dute bost urterako

M. IMAZ

Euskararen biziberritzearen eta sustapenaren arloan, Euskal Herri osoko herri aginteen lankidetza ez da berria, baina orain arte lortu gabe zegoen astelehen honetan Iruñean sinatu den akordioaren maila. Izan ere, Nafarroako Jauregian egin den ekitaldian euskararen lurraldean eskumenak dituzten hiru administrazioetako ordezkariek sinatu dute hizkuntza politikaren bost esparrutan lankidetza bultzatzeko konpromisoa islatzen duen dokumentua.

"Hiru lurraldeetarako berariazko lankidetza-hitzarmena"-ren sinatzaileak izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Mathieu Berge Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoko presidentea.

Hitzarmenak Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak Nafarroari martxotik eskaintzen dion lankidetza bide horretan sakontzen du, eta Ollo kontseilariak adierazi duenez, "elkarrekiko lankidetzari jarraituko dio, bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko".

Bestalde, Zupiria sailburuak, "hitzarmena sinatzen duten hiru administrazioak euskara hitz egiten den eremuan politika publikoak kudeatzen dituztela” adierazi du. Lankidetza hau oso era “naturalean” ikusten duela ere aipatu du: “Gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko balioko due. Lankidetzarako esparru oso zehatzak daude, eta hitzarmenak hauetan sakontzea ahalbidetuko du”.

Halaber, Mathieu Bergék “hizkuntza-politika mailako lankidetza berri hori” nabarmendu du, azpimarratuz “euskararen transmisioa eta erabileraren sustapenerako ezinbestekoa” dela. Azkenik, Mathieu Bergék Europar finantzabideek eta bereziki POCTEFA ekintza programa berriek, hizkuntza politikaren erronkak kontuan hartzearen alde eraman beharreko elkar lana goraipatu du.

Betebehar ekonomikorik ez

Dokumentuak ez du ekarriko inolako betebehar ekonomikorik, eta lankidetza teknikoko bost esparru ezartzen ditu. Helduendako euskararen hezkuntza eta irakaskuntzari dagokionez, besteak beste, hauek sustatuko dira: irakasleen eta ikasleen mugikortasuna eta trukatzeak, helduendako irakaskuntza-curriculuma garatzea eta irakasleen berariazko prestakuntza.

Hiru lurraldeek hizkuntza-gaitasun mailak ebaluatzeko probak eta sistemak ere prestatuko dituzte. Horrez gain, hirurek emandako tituluak elkarri aintzatetsiko dizkiote. Bestalde, eskola-esparrutik kanpo, neska-mutilendako aisialdi-jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko. Halaber, hiru alderdiek ingurune digitalean dauden informazioak trukatuko dituzte.

Hitzarmenak euskararen eta gogoeta-eremuen sustapena ere barne hartzen du, hiru alderdiek koordinatutako sustapen-programen bidez eta gogoeta egiteko eta ezagutzak partekatzeko eremuak sortuz. Hitzarmenaren bidez, egindako ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako eta bildutako datuak ere bateratuko dituzte elkarrekin. Bestalde, beste ikerketa-bide batzuk proposatuko dituzte euskararen egoera zein den jakiteko. Azkenik, harreman estua ere aurreikusten du hitzarmenak, Europako finantzazioek eta POCTEFA programa berriek hizkuntza-politikaren erronkak kontuan har ditzaten.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos