Euskararen aurkako errepresioari buruzko jardunaldia

Francoren garaiko ikasgela ikus daiteke Legazpin. Euskarak ez zuen toki handirik orduko eskola hartan./LENBUR/DV
Francoren garaiko ikasgela ikus daiteke Legazpin. Euskarak ez zuen toki handirik orduko eskola hartan. / LENBUR/DV

Hiru aditu mintzatuko dira asteazken honetan gaiaz Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean

'Euskararen aurkako errepresioa Francoren garaian, aurretik eta ondoren' jardunaldia egingo da asteazken honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, arratsaldeko 19:30ean hasita. Saioa antolatu du memoria historikoa eta giza eskubideen defentsan diharduen Genozidioaren Biktimen Elkarteak, eta gaiaren inguruko ikuspegi zabala eskainiko du, jardunaldian parte hartuko duten hiru hizlarien ekarpenei esker.

Oso-osorik euskaraz egingo den saioa (itzulpen zerbitzua izango da gaztelaniara) Onintza Odriozolak aurkeztuko du. Historia eta Kultur Ondarea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Soziologian doktoretza egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUn Gizarte Zientzien Didaktika Saileko irakaslea da gaur egun, eta 'Parte Hartuz' ikerketa taldeko ikertzailea.

Franco aurretiko garaiez David Anaut arduratuko da, 1700-1938 tartea aztertuz. Euskal Filologian lizentziatua eta Hizkuntza Plangintzako Gradu ondoko unibertsitate diplomatua da Anaut, eta 'Euskararen kate hautsiak' liburua osatu zuen taldeko kide ere bai. 17o0 aurretik izan ziren aurrekariak azaldu ondoren, 1700-1939 bitarteko errepresioaren kronologia egingo du, adibide eta kasuak aipatuz. Gogoeta garaiko hizkuntza politikaz ere ariko da.

Francoren garaiaz, azkenik, Iñaki Zabaleta ariko da. 1939-2019 aldia aztertuko du, aurreko hizlariaen antzeko eskema baliatuz; hau da, errepresioaren kronologia Francoren garaian eta ondoren, eta gogoeta garai horietako hizkuntz politikaz. Zabaleta Ikus-entzunezko informazioaren teoria, teknika eta teknologiako unibertsitate-katedraduna da, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza sailean. Hamalau urte daramatza 'Europako Hizkuntz Gutxituen Kazetaritza eta Hedabideak' ikerketa proiektuaren zuzendari modura, Europako hamar hizkuntza gutxituren komunikazio errealitatea eta erronkak aztertzen.

Hiru hizlariek, amaitzeko, tarte labur bat izango dute euskararen gaurko egoera eta erronken aurrean gogoeta, analisi eta proposamenak egiteko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos