Euskararen arnasguneen erronken argazki ahalik eta zabalena

Ezkerretik eskuinera, Unai Fernandez de Betoño, Josu Labaka eta Belen Uranga. / S.K.

Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk antolatuta, 'Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak' gaiari buruzko jardunaldia egingo da azaroaren 22an Donostian

N. A.

Gutxien espero zen tokietan, aurrera beharrean atzera egiten ari da euskararen erabilera. Kontua ez da berria. 2006tik hona egin diren neurketa guztiek islatu dute fenomenoa, eta Soziolinguistika Klusterrak uztailean aurkeztu zuen Hizkuntzen Erabileraren Kaleko Neurketaren zazpigarren edizioak berretsi egin du joera. Erabilera datu orokorrak egonkor jarraitzen duen bitartean -eta hori ere bada kezka-iturri- biztanleen hiru laurdenak baino gehiago euskaldunak diren eremuetan ia hiru puntu egin du atzera euskararen kaleko erabilerak.

Gaia ikuspegi askotatik aztertu izan da azken urteetan, eta bereziki sakondu da hizkuntzaren erabileraren eta lurralde antolaketaren arteko harremanean, bide horrek eman dituelarik aurreneko fruituak (planeamenduan hizkuntza zeharkako aldagai gisa kontuan hartzea edota UPV/EHUren titulua ematen duen UEUren 'Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa' graduondokoa, besteak beste). Gaia hori baino konplexuagoa da baina, faktore askok eragiten baitute hizkuntza baten erabileran. Horietako ahalik eta gehien elkarrekin lotu nahirik, jardunaldi monografikoa antolatu dute arazoa bertatik bertara pairatzen duten herriak biltzen dituen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta gaiaren inguruko lanean ari diren adituak biltzen dituen Soziolinguistika Klusterrak.

Jardunaldiak 'Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak' izango du izenburutzat, azaroaren 22an egingo da Donostiako Ibaetako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan, EHUren eta UEUren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin. Izena emateko epea urriaren 18an itxiko da.

Politika eraginkorrak

Gaur egun Hego Euskal Herriko 82 udalerrik osatzen duten UEMAko lehendakari Josu Labakak azaldu duenez, gehiengo euskalduneko herrietan aspalditik sorrarazi du kezka atzerako joera horrek. "Udalerri euskaldunen eta arnasguneen funtzio oso garrantzitsua da, baina badaude azken urteetan arnasgune izateko baldintzak izan arren arnasgune izatetik urruntzen ari diren zenbait herri", adierazi du, gogoratuz "intuiziotik abiatuta aurrena" eta ikerketa-ildo zehatzagoak irekita ondoren, denbora daramatela "bilakaera horretan eragina duten faktoreak zein diren argitu nahirik, ez baitira denak berdinak". Arnasguneak eta udalerri euskaldunak gauza bera ote diren ere jarri da zalantzan, eta agian hori izango da eztabaida-puntu nagusietako bat azaroko jardunaldian.

Oraintsu 'Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak' ikerketa aurkeztu berri duen mankomunitateko arduradunak faktore horiek identifikatzeak eta ondo kudeatzeak duen garrantzia azpimarratu du. "Gertatzen ari denak azken 40 urteetako hizkuntza politika zalantzan jartzera garamatza, eta ez naiz ari bakarrik erakundeez, guztiona baita ardura. Orain egin behar duguna da arnasguneen etorkizuna irudikatu, ikusi zein diren aurrera begira arrakastatsuak izan daitezkeen elementuak eta hizkuntza politika eraginkor eta berezituak egin udalerri euskaldunetan; ikusi nola jardun beher dugun, legearen aldetik dauden mugak kontuan hartuta", esan du Labakak.

Aldagai guztiak aztertu

Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kidea arduratu da egitarauaren xehetasunak emateaz, horien batuketak ahalbidetuko duen ikuspegi zabala azpimarratuz. Egitaraua osatzerakoan saiatu dira, hain zuzen, "ekosistema osatzen duten aldagai guztien azterketa sistematiko eta hierarkikoa egiten", lehentasunezkoak zein diren finkatzeko, "fokoa" esparru berrietan jarrita, aspaldi utzi baitzion intuizioak nahikoa izateari.

Hiru hitzaldi, eta elkarrizketa eta mahai-inguru bana prestatu dituzte azaroaren 22rako, argigarri eta bide-erakusle izan daitezkeen ikerlanak aurkezteko erabiliko direnak. Hitzordu formal horien arteko tarteak -kaferako atsedena, bazkalordua...- ez dira aisialdirako unetzat hartuko, parte-hartzaileek esperientzia eta iritziak parteka ditzatzen erabili nahi baitura.

Aurreneko hitzaldirako soziolingustikaren alorrean ibilibide luzea duen Mikel Zalbide euskaltzaina gonbidatu dute. Egunean zehar hizpide izango den gaia sakon eta zabal landu duen Zalbidek 'Arnasguneak: etorkizuneko erronkak' lana aurkeztuko du. Marko juridiko-legalak ere eragin handia duenez, Iñaki Agirreazkuenaga UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko katedradunak, Belen Urangarekin solasean, 'Herri administrazioa eta legedia: trabak eta aukerak' gaia landuko du.

Aurkezpenean ere planteatu den galdera egingo du Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak 'Herri euskaldun guztiak dira arnasgune? Datuek zer dioten' hitzaldiak. Altunak, hain zuzen, euskaldun proportzio altuena duten 80 herritan egindako ikerketa bereziaren emaitzak aurkeztuko ditu. "Espero ez ziren emaitzak", alegia.

Bazkalondoa mahai-inguruak hartuko du. Miren Segurolak bideratutako saioan, Imanol Azkuek eta Goizane Aranak hurrenez hurrenez hurren Zumaian eta Ondarroan egindako ikerketa bana aurkeztuko dute, Unai Fernandez de Betoño UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakaslea lurralde antolaketa eta hirigintzaz ariko da, eta Hekimeneko Alberto Barandiaranek hedabideen ikuspegia ekarriko du.

Euskararen erabileraren normalizazioarekiko harreman edo interesik duten eragile guztiei zuzendutako jardunaldion azken ekitaldian eremu eta ikuspegi desberdinak elkartuko dituzte. Belen Urangak azaldu bezala, ekimenaren helburua bada arazo ere baden gai baten inguruko argazki ahalik eta zabalena egitea, nola bestela?

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos