"Euskararen arnasgune" izan nahi dute Tolosaldeko 28 herriek

Herri bakoitzari letra bat egokitu zaio. Igandean denen artean osatuko dute guztien nahia biltzen duen esaldia./
Herri bakoitzari letra bat egokitu zaio. Igandean denen artean osatuko dute guztien nahia biltzen duen esaldia.

"Urteko 365 egunetan euskaraz bizi nahi dugula" aldarrikatzeko, elkarrekin ospatuko dute igandean plazaz plaza Euskararen Eguna

Datorren igandean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, era askotako ekimenak ari dira antolatzen erakunde eta elkarteak. Tolosaldea osatzen duten 28 udalerriek erabaki dute elkarrekin ospatzea egun hori, eta baliatzea adierazteko haientzat urteko egun denak direla Euskararen Eguna. Horixe azpimarratu zuen ekimen bateratuaren aurkezpenean Olatz Peon Tolosako alkateak, alboan Gaultzaundiko Garikotz Goikoetxea eta Orexako alkate Eneko Maioz zituela. "Tolosaldean euskaraz bizi nahi dugula urteko 365 egunetan", alegia.

Abenduaren 3an, igandea, eskualdeko 28 herrietako plaza guztietan herritarrek 'Tolosaldean euskarak 365 egun!' esaldiaren osagai bakoitza irudikatuko dute, herri bakoitzak letra bat. "Herri bat hizki bat, guztien artean esaldi baikor bat" nabarmendu zuten Galtzaundi euskara elkartetik: "Elkarlanerako prestutasuna azaldu eta zabaldu nahi dugu, auzolanerako gogoa. Euskararen arnasgune izan nahi dugu eta hori ez da gutako bakoitzak bakarrik egin dezakeena. Argi dugu herri guztiek batera egin behar dugula lan honetan ere".

Olatz Peon Ormazabalek adierazi du une egokia dela euskararekin herritarrek duten "konpromisoa berretsi eta zabaltzeko": Eerabiltzea da horretarako gakoa". Garikoitz Goikoetxeak nabarmendu zuen herritar askoren inplikazioa dagoela atzetik: "Elkartu gara herriak eta baita herrietako eragileak ere ekimen hau aurrera emateko. Bat egin dugu herri bakoitzeko norbanako, talde antolatu eta udalek indar berezia emateko ekimen honi. Ez dugu nahi egun bateko jaia izatea aurtengo Euskararen Eguna. Gure herrietan seguru aski bai, posible da egunero, urteak dituen 365 egunetan eta ia ordu guztietan euskaraz bizitzea".

Igandean izango da zita: "Elkartuko gara gure herriko plazetan, adostua dugun adierazpena irakurriko dugu, eta eguerdian bakoitzaren herriari dagokigun hizkia osatuko dugu herritarrek, argazkia atera eta denon artean esaldia osatuz". Herritar oro parte hartzera gonbidatu dute antolatzaileek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos