Euskararen Adierazle Sistemak hizkuntzaren egoeraren berri emango du

Bingen Zupiria, Mikel Arregi eta Mathieu Berge izan dira tresna berria aurkezten/
Bingen Zupiria, Mikel Arregi eta Mathieu Berge izan dira tresna berria aurkezten

Euskararen osasunaz informazioa "era planifikatuan eta sistematikoan" emango duen webgune bat da

DV

Euskararen Adierazle Sistema aurkeztu dute Donostian, euskararen osasunaz informazioa "era planifikatuan eta sistematikoan" emango duen tresna hau bultzatu duten erakunde nagusiek. Hain zuzen, Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko aldundiek sustatutako ekimenaren baitan 33 adierazle nagusi bildu dira, euskararen egoeraren inguruan informaziorik nabarmenena ematen dutelakoan.

Jasotako informazio hori guztia www.euskadi.eus/EAS web orrian bilduta dago, eta asteazken honetatik aurrera kontsulta daiteke. Laster proiektua sustatu duten herri erakundeen webguneetan ere izango dira datuak.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea institutuko zuzendaria eta Mathieu Berge Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteordea izan dira tresna berria aurkezteko arduradunak. Aurkezpenean aldundietako ordezkariak ere izan dira.

Proiektuaren abiapuntuan euskararen errealitatea albait zehatzen ezagutzeko helburua dago, beharrezkoa baita hizkuntza politikarik eta estrategiarik eraginkorrenak sustatzeko. Euskararen egoera arlo ezberdinetan ezagutzeko hainbat tresna eta ikerketa daude, besteak beste, Inkesta Soziolinguistikoa, Arrue txostena, zentsua edo kale neurketa.

Euskararen Adierazle Sisteman iturri horietatik hartutako daturik esanguratsuenak bildu dira eta 33 adierazle nagusi hautatu dira, "beti ere adostasun politikoan, teknikoan eta gizarte mailakoan oinarrituta", azaldu dutenez. Proiektuak izaera dinamikoa izango du eta adierazle berriak gehi daitezke aurkeztutako sistemara.

Lurralde osoaren lankidetza

Egitasmoak euskararen lurralde osoa hartzen du eta, horri esker, administrazioek zein era askotako erakundeek jatorri ezberdinetako hainbat datu eskura izango dituzte. Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak uztailaren 3an sinaturiko lankidetza hitzarmenak ahalbidetu du euskararen eremu osoa hartzeko aukera.

"Hizkuntza politikaren alorrean aspalditik egon da Euskararen Adierazle Sistema bateratua izateko anbizioa. Orain arte erakunde bakoitzak bazituen bere erreferentziazko adierazleak, baina ez zen horrelako lankidetzarik sustatu garrantzitsuenak nabarmentzeko. Gaur aurkeztu dugun webgunean pisuzkoenak jaso dira, eta era dinamikoan berritu ahal izango dira beharrezko ikusten bada", azaldu du Zupiriak.

Nafarroko Gobernuko ordezkari Mikel Arregik nabarmendu du "hitzarmen hau sinatu baino lehen hainbat proiektu elkarrekin landu baditugu ere, esan behar da aldaketa nabarmena izan dela eta unean uneko elkarlan egera batetik lankidetza planifikatu batera pasatu garela".

Webgunea, prest

Asteazken honetan bertan abian jarri da Euskararen Adierazle Sistemaren datuak jasotzen dituen webgunea: www.euskadi.eus/EAS. Zupiriak nabarmendu du "tresna hau oso baliagarria" izango dela euskararen eremuan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten administrazio guztientzat eta unibertsitate edo enpresentzat.

"Horrekin batera, hiritar guztien eskura izango dira datu horiek, eta gai honetan interesa duten guztiek kontsultatu ahal izango dute. Lau hizkuntzatan izango dira datuok, euskararen eremuan, maila batean edo bestean, ofizialak diren hiru hizkuntzetan: euskara, gaztelania eta frantsesa, eta, horrez gain, ingelesez. Izan ere, badakigu asko direla nazioartean euskararen biziberritze prozesuan interesa dutenak", azaldu du.

Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (EEGF) proiektuaren %65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren xedea da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala sustatzea. Bere laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako mugaz gaindiko jardueren garapenera mugatzen da, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategien bidez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos