Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Artxiboko argazkian, Gasteizko denda txinatar bat. J.A.
Euskadin bizi diren txinatarrek ez dakite zer den langabezia

Euskadin bizi diren txinatarrek ez dakite zer den langabezia

Magrebetik eta Afrikako gainerako herrialdeetatik etorritakoen artean %68 eta %81ekoa da hurrenez hurren langabezia tasa. Txinatarren artean, %2,7koa

m. imaz

Martes, 15 de agosto 2017, 11:59

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Urte hasieran Txinako agintariek emandako datuen arabera, 2016 urtea %4,02ko langabezia tasarekin itxi zuen munduko herrialde jendetsuenak, aurreko urteko datuak zertxobait hobetuz. Kontuan izan behar da ekonomiaren hazkundearen protagonista nagusi diren hiriei dagokiela datu hori, landa eremuetako datua ez baitute ematen. Hala ere, lanari dagokionez askoz ere hobea da EAEn bizi diren txinatarren egoera Txinan bizi bizi direnena baino, Euskadiko txinatarrek ez baitakite zer den langabezia.

Orain dela egun batzuk, 'Lan merkatua eta emakume etorkina' txostena aurkeztu zuen Ikuspegi Immigrazioaren Behatokiak. EAEn bizi diren Etorkin Atzerritarrei Buruzko 2010 eta 2014ko Inkestako datuak erabilita, emakume eta gizonezko etorkinen artean dauden alde nagusiak detektatu eta aztertu dituzte, aztertuz halaber zein diren diferentziak jatorriaren arabera. Etxeko lanen sektorea aztertu dute bereziki, hori baita jarduera eremu nagusia Euskadin bizi diren etorkinentzat, batez ere emakumeentzat.

Bi muturrak

Hori dela eta, bertan jaiotakoen artean ez bezala, etorkinen artean handiagoa da langabezia tasa gizonezkoen artean (%45,3) emakumezkoen artean (%33,8) baino. Hain zuzen ere, gizonezkoek lan egiten zuten sektoreetan (eraikuntza, ostalaritza...) murriztu egin da etorkinentzako lan-eskaintza. Ez, ordea, emakumeen lan eta diru iturri nagusia diren etxeko lanetan. Txostenak dioenez, "2010ean okupazio maskulinoa femeninoa baino handiagoa zen, baina 2014an datu horiek irauli egin ziren, eta emakumeen okupazio-tasa gizonena baino ia hiru ehuneko (2,9) gorago jarri zen". Edonola ere, okupazio tasa nahiko orekatuta zuten jatorri latinoamerikarreko etorkin gehienek.

Jarduera tasa (hau da, biztanleria aktiboan lanean ari direnak zein lan bila ari diren pertsonen kopurua) ere aztertu dute. Oro har, gizonen jarduera-tasa altuagoak ikusten dira jatorri gehienetan. Magrebtarren kasuan, esaterako, tasa hori % 84,6 zen gizonen artean, eta %  58,8, emakumeen artean. Txostenak dioenez, "arrazoi ugarik esplika dezakete alde hori: asko kulturalak dira, baina ez hitz horren adiera esentzialistan, baizik eta ordaindutako enpleguarekin duen loturan. Dena dela, emakume magrebtarren jarduera-tasa ia % 60koa izatea kontuan izan beharreko datu positiboa da. Eta berri ona litzateke gora egiten jarraitzea; izan ere, gauza bat da aldea egotea jatorri bereko gizonekiko, eta beste bat (oso desberdina) jardueraren dinamika gorakoa izatea eta dinamika horrek emakumeen mendekotasunik gabeko laneratzeak ekartzea".

Hala ere, langabezia tasa oso altuak dituzte magrebtarrek zein Afrikako gainerako herrialdeetatik etorritakoek. Magrebtarren kasuan, langabezia %68,4koa da, ia berdina gizonezkoena eta emakumeena. Afrikako gainerako herrialdeetatik etorritakoen artean, berriz, %81,2koa da (%78 gizonezkoentzat eta %87,5 emakumeentzat). Senegaldarrak dira salbuespena: langabezia tasa oso altua dute, %62koa, baina gainerakoena baino baxuagoa betiere.

Eta beste muturrean daude txinatarrak, langabezia zer ez den ez dakitenak. Ikuspegiren arabera, kolektibo horren portaera "ezohikoa" da. Honakoa dio: "Txinatarren artean ere okupazio maskulinoaren tasa handiagoa ikusten da; dena dela, ehunekoak oso altuak ziren, hala gizonentzat (% 86,1), nola emakumeentzat (% 80); horren ondorioz, enpleguari dagozkion datuak bikainak ziren, eta datu horiek nabarmen baldintzatzen zituen kolektibo horrek lan-merkatuan zuen sektore-espezializazioak, autoenpleguak garrantzi handia baitzuen. Esan genezake kolektibo txinatarrak indartu eta autoeratu egiten duela bere gizarteratze potentzialtasuna". Txinatarren arteko langabezia tasa? %2,7koa, berdina gizonezkoena eta emakumezkoena.

Gipuzkoan, 2017ko erroldaren arabera, 1.361 txinatar daude, 524 gizonezko eta 837 emakume, eta osatzen duten kanpotik etorritako 19. komunitate jendetsuena, Venezuelaren atzetik eta Senegalen aurretik.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios