Euskadik jaso du diru gehien hondakinak birziklatzeko

Donostian egindako argazki honek erakusten du badagoela oraindik zertan hobetu. / DV

EAEk aurkeztutako 29 proiektuk 657.000 euroko finantzaketa lortu dute Estatutik, 'PIMA Residuos' planaren barruan

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) izan da aurten Espainiako Gobernuaren Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioaren 'PIMA Residuos' delako ingurumena sustatzeko planetik funts gehien eskuratu dituen autonomia erkidegoa. Programaren bidez, besteak beste, gaikako bilketa sustatzeko jarduketak eta hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzea bultzatu nahi dira. Zehazki, EAEk aurkeztu dituen 29 proiektuk 657.570 euroko finantzaketa lortu dute, guztira.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 2017ko PIMA Residuos deialdiak linea berezia jaso du etxeko sukalderako olioa biltzea eta garraiorako bioerregaia ekoizteko erabiltzea sustatzeko. Konpostaren inguruko linea bat eta biogasaren erabilera eraginkorra sustatzeko neurrien inguruko linea bat ere jaso ditu.

Programaren deialdia martxoaren amaieran jakinarazi zitzaion Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Zuzendaritza horrek eta IHOBE Ingurumeneko Sozietate Publikoak koordinatu dituzte eskabideak, aldundiekin, udalekin, mankomunitateekin eta kuadrillekin batera, denbora errekorrean.

Estatuko deialdian 15 erkidego baino gehiagotako 197 proiektu aurkeztu dira, 57 milioi euro baino gehiagokoak, eta horietatik, azkenean, 149 finantzatu dira, ia bost milioi eurorekin. Euskadik, guztira, 39 proiektu aurkeztu ditu (6.020.223 euro), eta horietatik %74k (29) finantzaketa lortu du (657.570 euro). Euskadi da deialdian funts gehien eskuratu duen erkidegoa.

PIMA Residuos programaz gainera, PEMAR, PIMA AdaptaCosta eta PIMA AdaptaEcosistemas programetan ere proiektuak diruz laguntzea lortu da, euskal kostaldeko eta ekosistemetako klima aldaketaren aurrean egokitzeko ingurumenaren sustapen proiektuetarako, 1.100.000 euroan.

Laguntza horiek guztiak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ildo orokorraren barruan daude, hondakinak ezabatzeko azken bide gisa hondakindegietara ez eramateko ekonomia zirkularraren jarduketak sustatzeko. Horrela, lehentasuna ematen zaio hondakina berriro sartzeari, beste erabilera batzuetarako izan zein lehengaia izan hainbat prozesutan. Gainera, Euskadiko Hondakinen Prebentzioko eta Kudeaketako Planean ezarritako helburuak bete nahi dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos