400 eurotik gora Donostian eta Bilbon gela bat alokatzeagatik

Etxebizitza partekatuetan gelak alokatzen dituztenen artean neskak dira nagusi.
Etxebizitza partekatuetan gelak alokatzen dituztenen artean neskak dira nagusi. / E.C.

Biak daude estatuko lau hiriburu garestienen artean, iaz baino %6,7 garestiagoa delarik etxebizitza partekatu batean bizitzea

M. IMAZ

Zabaldu berri diren datuen arabera, garestitzen jarraitzen dute alokairuek. Horrenbeste ari dira garestitzen, non Gipuzkoan eta gazteentzat garestiagoa den pisu bat alokatzea erostea baino. Egoera horretan, gero eta gehiago dira etxebizitza partekatzen dutenak, nahiz eta oraindik ere ikasleak izan batik bat bizitzeko modu hori hautatzen dutenak. Etxebizitza partekatzen duten horiek ere pairatzen dituzte garestitzearen ondorioak, pisu osoka ez ezik gelaka alokatzea ere gero eta gehiago ordaindu behar baita. Pisos.com plataformak emandako datuen arabera, iaztik hona %6,7 garestitu dira gelak Espainiar estatuan, eta 300 euro ordaindu behar dira, batez beste, etxebizitza partekatu bateko gela bat erabiltzeko eskubidea izateagatik.

Aldeak, dena den, handiak dira hiri batetik bestera, eta bi handienetan –Madrilen eta Bartzelonan- eskaintzaren eta eskariaren artean dagoen desorekak eragiten die batik bat goraka prezioei. Bi hiri horiek kontzentratzen dute hain zuzen eskariaren %46,2, eta eskaintzaren %26,6 baino ez dute.

Miguel Ángel Alemany pisos.com-eko zuzendari nagusiak argitu duenez, "epe luzerako alokairu-eskaintza murriztu egin da, nahiz eta handitzen jarraitzen duen eskariak". Arrazoien artean egon daitezke alokairu turistikoaren hazkundea edo herritarrek oraindik pairatzen duten aurrezpen eta kaudimen falta, etxebizitza bat erostea edo pisu oso bat bakarrik alokatzea eragozten diena. Horren guztiaren ondorioz, badira jada lau hiriburu gela baten alokairua 400 eurotik gorako prezioan daukatenak: Madril, Bartzelona, Donostia eta Bilbo. 200 eurotik beherako gela nahi izanez gero, Lugo, Caceres edo Badajozera joan behar da etxebizitza partekatzera.

Zehazki, hiribururik garestiena Madril da (482 euro gelako hilean), eta ondoren datoz Bartzelona (441), Donostia (434) eta Bilbo (429). Merkeena, berriz, Lugo da (187 euro hilean).

Ezinbestekoa edo gustukoa dutelako etxebizitza beste batzuekin partekatuz bizi direnen artean emakume gazteak dira nagusi. Maizterren %54 emakumeak dira, eta badirudi gainera gero eta gehiago estimatzen dituztela neskak pisukide bila dabiltzanek. Hala, nahiz eta iragarkien %67k ez dioten inolako erreferentziarik egiten hautagaiaren generoari, neskak baino hartzen ez dituztenak %23,4ra igaro dira (iaz baino puntu bat gehiago), eta mutilak bakarrik nahi dituztenak %3,3 inguruan gelditu dira. Beste iragarki askotan aipatzen da preferentziaren bat, baina ez da ezinbesteko baldintza gisa jartzen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos