Etxeko bertsolari handia gogoan

Oin Arin taldeko dantzarien saioa omenaldia hasteko./
Oin Arin taldeko dantzarien saioa omenaldia hasteko.

Lazkao Txiki omendu dute aurten ere lazkaotarrek, bere heriotzaren 25. urtemugan. Herriko hainbat kultur eragilek hartu zuten parte Joxemiel Iztuetaren irudiaren aurrean egin zen ekitaldian

A. ALARCIA LAZKAO.

Mende laurdena igaro da jada Joxemiel Iztueta 'Lazkao Txiki' hil zenetik, baina bere bizilagunek maitasunez gogoratzen dute oraindik ere bertsolari handia. Atzo argi utzi zuten berriro ez dutela herritar maitea ahaztu eta, urtero moduan, omenalditxoa eskaini zioten bere izena daraman plazan, Lazko Txiki Zelaian. Eguraldia lagun, asko izan ziren bertara hurbildu ziren herritarrak.

Eguerdiko 12:30ean hasi eta ordubetez, etziren bertso, kontu eta kantuak falta izan Gerriko Kultur Elkarteko Joxepa Madariagak zuzendutako ekitaldian, Iztueta berari gustatzen zitzaion moduan. Oin Arin dantza taldeko kideek ireki zuten saioa, Agurra dantzatuz, eta hauek izan ziren baita ere amaiera dantzan emateaz arduratu zirenak, erromerian; baina bertsolariaren izena daraman musika eskola lazkaotarreko ikasleak eta GoiBE, Goierriko Bertso Eskolako kideak ere izan ziren atzokoan Lazkaon.

Lazkao Txikiren irudiaren aurrean bildu ziren denak eta Madariagak harrizko bertsolariari ahaztu ez dutela esan ondoren, Jon Barreros musikari lazkaotarrak hartu zuen 'eszenatokia'. Iztuetak berak ispiluari kantatutako bertsoak abestu zituen gitarrarekin eta Lazkao Txiki Musika eskolaren sortzaile eta bertsolariaren iloba den Nerea Barandiaranek lagundu zion pianoan.

Bertsolariek hartu zuten ondoren lekukoa. Hantxe izan ziren Mikel Mendizabal, Millan Telleria, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia, Altzo Txiki, Iban Urdangarin eta Iñaki Murua. Hamaika saltsa kantatu zizkieten hurbildutakoei berriro musika eskolako ikasleak agertu aurretik. Ikasle gazteenek ere parte hartu nahi izan zuten, eta pirataren abestia kantatzera irten ziren hogeita hamabost haur inguru plazara.

Goierriko Bertso Eskolako bertsolariek ere abestu zioten eguneko protagonistari. Aratz Igarzabal, Eneko Araiztegi, Mikel Tapia, Gorka Maiz eta Endika Igarzabal izan ziren bertsolari gazteen ordezkari eta umorea eta etorria etzaiela falta erakutsi zuten hauek ere.

Amaitzeko, Oin Arineko dantzariek bete zuten plaza berriro. Lehenik Korrontziren doinuak dantzatuz eta erromerian animatu ziren guztiekin ondoren, polka, fandango, arin-arin edo banakoarekin. Kalejiran eta salda beroa dastatuz agurtu zuten atzokoan ekitaldia, datorren urtera arte.

Kultur ekintza gehiago

Baina atzokoaz gain, bertsolariaren heriotzaren 25. urteurrenean ekintza gehiago antolatu ditu Gerriko Kultur Elkarteak, Lazkaoko Udala eta herriko beste zenbait elkarterekin elkarlanean. 'Lazkao Txikiren emariak: bertsoak, kontuak eta komeriak' solasaldia egin zuten asteazkenean, eta bertso-afaria Lazkaomendiko Lartxai elkartean, ostiralean. Biharko haurrentzako jolasak antolatu dituzte Maizpideko ikasleek plazan, 16:30etik aurrera, eta mendi irteera egingo da maiatzaren 19an Lazkao Txikiren jaiotetxea den Abalin baserrira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos