Etxebizitzaren arkitekturaren etorkizunari buruzko jardunaldi batek itxiko du arkitektura bienala

Bienaleko erakusketa bateko irudia/Sara Santos
Bienaleko erakusketa bateko irudia / Sara Santos

Urtarrilaren 26an amaituko da Mugak, Donostiako Santa Teresa komentuan egingo den topaketan, eta 'Housing the Basque Country. Etxebizitza Publikoa Euskadin' erakusketaren lehenengo zehaztasunen berri emango dute

DV

Euskadiko lehenengo Nazioarteko Arkitektura Bienala, Mugak izenekoa, urtarrilaren 26an bukatuko da 'Etxebizitzaren arkitektura' izeneko jardunaldiarekin. Donostiako Santa Teresa komentuan egingo den topaketan 14 profesionalen ikuspegia jasoko da, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Goiz osoan zehar, hurbiletik ezagutu ahal izango dira bizitegiaren arloko arkitekturaren etorkizunera begira dauden proiektuak, eta 'Housing the Basque Country. Etxebizitza Publikoa Euskadin' izeneko erakusketaren lehenengo zehaztasunen berri emango da. Erakusketa hori Bilbon egingo da, 2018an, eta Asier Santas eta Luis Suarez arkitektoek emango dituzte azalpenak.

Jardunaldiaren eztabaidaren muina izango da zer erronka dituzten arkitekturak eta hirigintzak gaur egungo gizartearen eta, batez ere, etorkizunekoaren premiei erantzungo dieten etxebizitza eredu berrien sorkuntzan. Horri buruzko gogoeta egiteko, Madrilgo, Bordeleko, Iruñeko, Donostiako, Gasteizko eta Bilboko txostengileak izango dira, eta proiektu berritzaileen zein une honetan ezartzen ari diren lan ildoen xehetasunak aletuko dituzte.

Gonbidatutako profesionalen artean Hessamfar & Verons estudio frantsesa izango da. Proiektu guztietan, lehenengo faseetatik, "ingurumen kalitatearekiko konpromisoaren ikuspegia" txertatzeko lan egiten du estudio frantsesak, "arkitekturak berori txertatuta dagoen paisaia errespeta eta indartu dezan".

'Etxebizitzaren arkitektura' jardunaldiak "amaiera bikaina" emango dio Bienalari. Topaketak 115etik gora jarduera izan ditu, guztiak doakoak, eta horri esker, arkitekturaren arloko irudi handiak izan dira Donostian, besteak beste, Rafael Aranda, Solano Benitez eta Gloria Cabral, Alain Taves eta Sou Fujimoto.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos