Borrar
Ezkerretik eskuinera, Igor Ortega (MU), Kattalin Sainte-Marie (Etxauzia), Begoña Pedrosa (MU), Filipe Bidart (Etxauzia) eta Betti Bidart (Etxauzia).
"Etxauzia proiektuak Euskal Herri osoa hartzen du kontuan"

"Etxauzia proiektuak Euskal Herri osoa hartzen du kontuan"

Baigorrin kokatuta dagoen Etxauzia gaztelua erosteko eta horren inguruan Ipar Euskal Herriaren barnealdea biziarazteko ekimenak hitzarmena sinatu du HUHEZIrekin

Lunes, 20 de noviembre 2017, 12:58

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Etxauzia Elkarteak elkarlan-hitzarmena sinatu berri dute, horren bidez egonkortzen delarik Baigorrin sortutako Etxauzia ekimenaren eta HUHEZIren arteko harremana. Horri esker, “Fakultateko ikasleek aukera izango dute hobeto ezagutzeko Ipar Euskal Herri barnealdeko errealitatea eta hango esperientziak" eta Mondragon Unibertsitateak inguru horretako "ekonomia-, kultura- eta hizkuntza-esparruak eraldatzen lagunduko du". Ostegunean egin zen hitzarmen-sinadura ekitaldia baliatu zuten berresteko HUHEZIk 13.000 euro inguruko ekarpenarekin lagunduko duela Etxauzia proiektua.

Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eta Filipe Bidart Etxauzia Elkartearen ordezkariak sinatutako hitzarmenak jasotzen du bi erakundeen arteko elkarlana iraunkortzeko asmoa. Elkarlan horrek aukera emango du Ipar Euskal Herrian Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen lana ezagutarazteko eta hango eragileekin zubiak eraikitzeko. Aldi berean, Etxauzia Elkarteak Mondragon Unibertsitateko fakultateko ikasleei Ipar Euskal Herri barnealdean abian diren esperientziak ezagutaraziko dizkie, eta haiek gertutik ezagutzeko aukera eman.

Mondragon Unibertsitateko fakultateak babestuko du Etxauzia proiektua IPDKren bitartez, alegia, heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoa duten beste helburu batzuentzako kontribuzioa erabilita. Bi urtetan banatuko du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Etxauziari emango dion diru-laguntza. Iazko ikasturtean, 6.890,66 euro eman zizkion; aurtengo kopurua zehaztu barik dago, baina, ondo bidean, antzeko kopuru bat izatea espero da (erabakia dago 2018 otsaileko Batzar Orokorraren baieztapenaren zain).

Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoaren hitzetan, "Guretzat garrantzitsua da, bizi garen errealitatearen parte garen heinean, errealitate horretan eragitea. Gure ekarpena, batez ere, ezagutzan eta ezagutzaren bidezko eraldaketan oinarritzen dugu; baina, bat egiten dugu Euskal Herrian abian jarri nahi diren Etxauzia bezalako proiektuekin. Gure iritziz, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea balio eta asmo antzekoak ditugunok".

Elkarlana eta nazio ikuspegia

Hitzarmenaren sinaduran parte hartu duten bi ordezkariak bat etorri ziren bi proiektuek komunean dituzten ezaugarriak azpimarratzerako orduan: "Gure fakultatearen lanerako eredua elkarlanean eta kooperatibagintzaren balioetan oinarritzen da. Horri gehituta Euskal Herri osoa kontuan hartzen duen egitasmoa dela, Batzar Orokorrak erabaki zuen Etxauzia egitasmoa diruz laguntzea", adierazi zuen Begoña Pedrosa fakultateko dekanoak.

"Etxauzia herritarrek sustatutako proiektua da, Ipar Euskal Herria barnealdeko kooperatiba eta eragile ugarirekin batera. Baigorri eskualdetik abiatzen bada ere, Euskal Herri osoa hartzen du kontuan, bai herritar, eragile, erakunde eta, oro har, proiektu honetan parte hartu nahi duten guziak", azpimarratu zuen Filipe Bidart Etxauziaren ordezkariak.

Baigorri inguruko herritarrek, enpresek eta erakundeek abian jarri dute Etxauzia erosteko kanpaina. Ia mila urte dituen gaztelu horrek historia luzea gordetzen du bere barnean. Orain, denon artean idatzi nahi dute historia horren hurrengo orrialdea. Zehazki, Ipar Euskal Herriaren barnealdea biziarazteko ekonomia, kultura eta hizkuntzan oinarritutako proiektua egiteko. Horrekin batera, diaspora eta historia ere landuko dituen egitasmoa da Etxauziarena. 2017ko irailerako 400.000 € hitz emanak izan dira jada, nahiz eta oraindik helburua lortzeko bidea geratzen den.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios