Eskola txikiak, bizi-bizirik Oikian

Oikiako eskola txikiko ikasleek abesti bat kantatu zuten Eskola Txikien 31. Festaren harrera ekitaldian./SARA UTRERA
Oikiako eskola txikiko ikasleek abesti bat kantatu zuten Eskola Txikien 31. Festaren harrera ekitaldian. / SARA UTRERA

Giro ederrean eta gainerako eskola txikietako ordezkarien zein agintarien konpainian egin zen atzo Eskola Txikien 31. festa Zumaiako auzoan

SARA UTRERAZUMAIA.

Gipuzkoako Eskola Txikien 31. festa Zumaiako Oikia auzoan ospatu zen atzo, 'Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik' lelopean. Eguraldi ederrarekin, eskola berria eraikiko duten zelaian egin zuten harrera ekitaldiarekin hasi zen jaia. Oikiarrek Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariei, eta Gipuzkoako beste herrietako Eskola Txikietako ordezkariei eta gazteei ongietorria egin zieten. Asteotan prestatu dituzten kanta eta dantza alaiak eskaini eta gero, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriartek eta Zumaiako alkate Oier Kortak hartu zuten hitza.

Alkateak eskola txikien indarra goraipatu zuen. «Ezinbestekoa da erakundeetatik Eskola Txikien aldeko babesa eta bultzada ematea, apustua egitea; Eskolak Txikiak bizia ematen dietelako auzoei». Cristina Uriartek adierazi zuenez, Eskola Txikiak txikiak bezain erakargarriak dira. «Eskola Txikiak osatzen duzuen familiak, ikasleak, langileak, guztiz bertakoak sentitzen zarete, harro sentitzen zarete zuen izaeraz, eta hori zuen seme-alabei transmititzen diezue. Ume txikiek etxe alboan jasotzen dute formazioa eta arreta, eta irakasleek auzo eta herriaren bizitzarekin bat egiten dute gainera».

Uriartek jakitera eman zuenez, Oikiako eskola berriaren proiektua lantzen ibili dira azken hilabeteetan Hezkuntza Saila eta Zumaiako Udala. «Eskola berri baten beharra duzue, eta laster zuen eskaera errealitate bihurtuko da; aurten hasiko dira eta eraikitze lanak. Hauek urtebete iraungo dute. Beraz, 2019-2020 ikasturtean ateak zabalik izango ditu eskola berriak», gaineratu zuen.

Cristina Uriartek Oikiako eskola berriaren eraikitze lanak aurten hasiko direla jakinarazi zuen

«Herri txikiek handien aukera berdinak izateko» egiten ari diren ahalegina nabarmendu zuen Olanok

Ohiturari jarraituz, Oikiarrek lekukoa pasa zieten Aginagako ordezkariei, datorren urteko Gipuzkoako Eskola Txikien Festa antolatzeko. Itziar Garciarenak, Oikiako zuzendariak, auzoko komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, elkarte eta auzokideek jaia antolatzen egin duten lana nabarmendu zuen. Baita hauen artean sortu den harreman estua goraipatu ere: «Gure eskola altxor bat da, gure auzoko altxorra. Ez dira altxorrak ezkutuan egoteko, baizik eta horrelako egunak antolatzeko eta gure indarra eta giro polita erakusteko. Benetan eskerrik asko Oikiako herriari, ikaragarria izan da egin duzuen lana».

Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak bere aldetik, Gipuzkoako banda zabal ultralasterra (digitalizazio kanpaina) herri txikietan hedatzeko kanpainaren berri eman zuen, herri txikiek herri handien bizi kalitate berdina izateko eta hauen biziraupena eta ongizatea bermatzeko. «Gipuzkoak 89 herri ditu eta horietatik 49 dira 2.500 biztanle azpikoak. Erakunde publikoak eta Foru Aldundiak aspalditik ahaleginak egiten ari gara herri txikiek herri handien aukera berdinak izateko», gaineratu zuen Olanok.

Hamaika ekintza

Harreraren ondoren, jolasak, musika eta dantza saioak etorri ziren. Taldeka banatuta, haurrak gune desberdinetan antolatutako ekintzetan hartu zuten parte. Jarraian, sabela pozteko, lagunarteko bazkari eder bat egin zuten denak batera.

Arratsaldean, berriz, puzgarriak eta zaldi, pottoka eta ponietan ibiltzeko aukera izan zuten txikienek. Baita Zumaiako Musika Bandarekin dantza-saioan dantzatu, Gorriti eta Lopeneren animaliekin edota Potxin eta Patxin pailazoen ekitaldiaz gozatzeko aukera ere. Gipuzkoako Eskola Txikien 31. jaia apar festarekin amaitu zen.

Aurtengo edizioak eskola auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatu zuen beste behin ere. Oikiarrek eta Oikiara gerturatu zirenek, gainera, ederki pasatu zuten Eskola Txikien festa handian. Parte hartzaileak pozarren gelditu ziren, 2019an Aginagan egingo den festaren zain.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos