Errenteriako Gabon Abesti sariketa, gure dekanoa

Iazko edizioan haurren kategorian garaile izen zen Zariatxo abesbatza. Aurten ez da lehiaketarik izango./ARIZMENDI
Iazko edizioan haurren kategorian garaile izen zen Zariatxo abesbatza. Aurten ez da lehiaketarik izango. / ARIZMENDI

71. aldia izango da aurten. Hilaren 30ean, goizez haurrak ariko dira, arratsaldez helduak

Errenteriako Gabon Abesti Sariketa 71. aldira iristera doa. Berau dugu dekanoa, eta datorren larunbatean egingo da, hango kiroldegian. Goizez, laurehun haur ariko dira oholtza gainean, baina ez da lehiarik izango, baizik eta erakustaldi hutsa, eta hauxe da aurtengo berritasun handiena. Arratsaldez helduak jardungo dira, hauek bai, lehian; zazpi abesbatza, horietako bost Errenteriakoak bertakoak.

Goizeko kantaldirako sarrera hiru euroan salduko da. Hamabi urtetik gorakoek ordaindu beharko dute soilik. Arratsaldeko sarrera 2 eurokoa izango da.

Esanda bezala, aurten berritasun handi batekin dator ekitaldia. «Beharrezkoa ikusten genuen aldaketaren bat egitea. Haurren kantaldia ez da lehiatzeko izango. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen», adierazi du David Azurzak, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakariak. Federazio hauxe eta Ereintza elkartea dira antolatzaileak.

Goizeko kantaldi horretan zortzi abesbatza ariko dira, herri hauetakoak: Andoain, Arrasate, Donostia, Errenteria, Hernani, Usurbil, Irun eta Pasaia. Errenteriako Zaria Txiki eta Zariatxo abesbatzek eta Arrasateko Arizmendi ikastolakoak protagonismo berezia izango dute, izan ere zenbait kanta prestatu dituzte elkarrekin, Hondarribiko aterpetxean. Ume denek Imanol Elizasuren zuzendaritzaren pean jardungo dute.

Arratsaldez, abesbatzok ariko dira lehian: Garrintzi, Adaxka, Kaxkabeltz, Galtzagorri eta Gazte Kemena (Errenteria); Zirri-Zarraz (Donostia) eta Aitzuri (Deba). Hain zuzen ere, iaz Garrintzi gertatu zen garaile.

Epaimahaia lagun hauek osatuko dute: Isabel Lacar, lesakarra eta Elizondoko abesbatzaren zuzendaria; David Azurza, tolosarra, konpositorea eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakaria; eta Aitor Biain, oñatiarra eta Bergarako Orfeoiko eta Oñatiko Ganbara Abesbatzako zuzendaria. Garazi Urdanpilletak egingo ditu aurkezle lanak, eta atsedenaldian Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreak ariko dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos