Errefuxiatu eta migratzaileen drama Loiolako Santutegian

Erakusketako zati den argazki handietako bat.

'Leku bat munduan' izeneko erakusketak biltzen dituen argazkiek "garaiotako drama humanitario handienetako bat" dakarte gogora

Loiolako Santutegiak beti erakarri ohi ditu bisitari asko, baina egunotan, San Ignazio eguna dela eta, are gehiago izaten dira Gipuzkoako patroi eta Jesusen Lagundiaren fundatzailearen sortetxera hurbiltzen direnak. Une aproposa, hortaz, migratzaile eta errefuxiatuen dramak ez duela hobera egin gogoratzeko.

Horretaz arduratzen da uztailaren 21az geroztik Loiolako Santutegian ikusgai dagoen 'Leku bat munduan' izeneko argazki erakusketa, "garaiotako drama humanitario handienetako batera gerturatu nahian, eta gure inguruan pertsona migratzaileen alde lan egiten duten elkarteei lagun diezaiegun" lortzeko Loiolako Santutegiak eta Alboan GKEk elkarlanean antolatua.

Jesuiten Alboan gobernuz kanpoko erakundeak eta Jesuitek beraiek elkarrekin zabaldutako ohar batean diotenez, "urtero, milioika pertsona beren etxea uztera behartuta izaten dira, hainbat arrazoik bultzatuta: gerra, jazarpen politikoa, hondamendi naturalak, degradazio ekologikoa, bizimodua irabazteko baliabideen gabezia eta beraien bizia edo askatasuna mehatxatzen duten bestelako egoerak. Jatorrizko abiapuntutik irtetean, bidean eta leku seguruago batera iritsi bitartean, indarkeria mota askotarikoak pairatzen dituzte pertsonek, eta etengabe urratzen dira haien eskubideak".

Erakusketaren bitartez, "pertsona migratzaileekin batera bidaiatzera" gonbidatu nahi dituzte bisitariak, eta horretarako bi ibilbide proposatzen dituzte. Batetik proposatzen dute otoitz-bide bat egitea irudiak ikusten diren bitartean, "gurutze-bidearen eta pertsona migratzaileen ihesaren arteko paralelismo bat eginez". Bide horretan laguntzeko, Bibliako erreferentziak eta Engelbert Mveng jesuita afrikarraren margolanak baliatu dira panelak osatzeko.

Sentsibilizazioa sustatzeko ibilbide bat ere proposatzen dute, irudiak eta azalpenezko testuak erakusten dituena. Horien bidez, ihesean eta bizitza duin baten bila ari diren pertsonen migrazio-prozesuen arrazoiak eta ondorioak azaltzen dituzte. Erakusketa Santutegiko parkean jarriko da behin-betikoz. Galvanizatutako burdinaz egindako 15 panel dira, 1,5x1 metroko argazkiak dituztenak. Argazkiak dibond (aluminio) delakoan daude inprimaturik. Panelek led argia dutenez, gauez ere ikus daitezke.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos