Erraustegiko goi-tentsioko linearen aurkako mendi-martxa

Aurrera doaz erraustegiko lanak. Argazkia abenduaren 28koa da./JOSÉ MARI LÓPEZ
Aurrera doaz erraustegiko lanak. Argazkia abenduaren 28koa da. / JOSÉ MARI LÓPEZ

Urtarrilaren 27rako antolatu du Erraustegiaren aurkako Mugimenduak, erraustegiak sortuko duen energia sareratzeko eraiki nahi den linearen "ingurumen eragin handia" plazaratzeko

Zubietan eraikitzen ari den erraustegiaren aurkako mugimenduak mendi-martxa antolatu du urterrilaren 27rako. "Erraustegiari ezetz esateko aukera berria da", adierazi dute ohar baten bidez eta, zehazki, "Zubietako erraustegiari zerbitzua emateko eraiki nahi duten goi-tentsioko linearen aurkako" protesta ekitaldia.

Mendi-martxaren antolatzaileei diotenez, "linea berriak 132 kilovolteko potentzia izango luke, eta, esklusiboki erraustegiari zerbitzu emateko eraikia izango da. Izan ere, Zubietako Eskuzaitzetako poligonoan jarriko diren enpresek ez dute tentsio horretatik elikatzerik izango. GHK-k egindako estimazioen arabera, Zubietan 160.000 megawatt sortuko dira urtean. Berez, goi-tentsioko linea energia hori sareratzeko modua egiteko da". Linea "Artzabaletako (Zubietako) eremutik irtengo litzateke eta 5.422 metroko luzera izango luke, A-15 autobide ondoraino, Urnieta eta Hernani arteko mugatik gertu. Han, Santa Barbara azpitik Usurbildik datorren goi tentsioko linearekin bat egingo luke. Guztira 21 euskarri edo dorre berri jarriko lituzkete, eta bakoitzak 50 metro koadroko lur eremua hartuko du. Euskarrien altura 30 eta 36 metro bitartekoa izango da. Linea osoan, batez besteko 40 metroko zabaleran, zuhaitzak moztu egingo dira, eta ezin izango da berririk landatu".

Eraginaren Deklarazioaren zain

Proiektuaren arabera, "linea Hernani eta Urnieta bitarteko mugan hasi eta, gutxi gorabehera Azkorteko ermitan barrena", erraustegiraino iritsiko denez, 11:30ean Azkorten bertan egingo dute bat Hernani (Gudarien Plazan, 10:30ean); Urnieta (Zaldundegin, 10:30ean); Andoain (Goiko Plazan, 10:00etan) eta Lasarte-Oriatik (Okendon, 10:00etan) abiatutako lau zutabeek. Bertan linearen ezaugarriei buruzko informazioa jaso ondoren, "Lasartera jaitsiko dira, non 13:00etan, Okendo plazan, ekitaldi bat egingo den".

Mendi-martxan deitu dutenek diotenez, "linea berriak Zubieta, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietako lurrak igaroko lituzke, eta haren ingurumen eragina handia izango litzateke, batez ere nekazari lurrak eta basoak zeharkatuko lituzkeelako". Gogoratu dutenez, "une honetan proiektua Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Ingurumen Eraginaren Deklarazioaren zain dago. Behin tramite hori gaindituta, deklarazioa jendaurrean jarri beharko da eta helegiteak jartzeko tartea zabalduko da. Ondoren, Industria Sailera joango litzateke proiektua eta hark baimendu ostean, lur desjabetzeak eta eraikuntza lanak hasiko lirateke. Obra Iberdrolak egin eta kudeatuko luke".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos