Erosketak euskaraz egin nahi izanez gero, Tolosa ez da toki txarra

Lanaren emaitzen aurkezpeneko argazkia,/
Lanaren emaitzen aurkezpeneko argazkia,

Galtzaundi Euskara Taldeak egindako lanketa batek erakutsi du Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezaketela zerbitzua

Euskaraz bizitzeko aukerak areagotzeko, ezinbestekoa da merkataritza ere euskalduntzea eta, eremu pribatuan esku-hartzea publikoan eragitea baino zailagoa izan arren, hamarkadak daramatzate Euskal Herriko eragile ugari, erosteko orduan ere euskaldunek euskara erabili ahal izan dezaten lortzeko lanean.

Tolosan, Tolosa&Co Merkataritza-Ostalaritza eta Zerbitzu Elkartea, Galtzaundi Euskara Taldea eta Udala ari dira elkarlanean. Aste honetan eman dute aurreneko bien artean garatu duten egitasmo baten emaitzen berri, eta horietan oinarrituta esan daiteke Tolosako komertzioari betidanik izan duen erakargarritasunari beste osagai bat gehi dakiokeela: aukera handiak eskaintzen dizkio erosketak ere euskaraz egin nahi dituenari.

Izan ere, Galtzaundik egindako azterketak erakutsi du Tolosa&Co-ko bazkide ia guztiek euskaraz eman dezaketela zerbitzua. Elkarteak hala eskatuta, iazko udazkenean egin zuen Galtzaundik lanketa Tolosa&Co-ren berrehundik gora saltokitan. Ekimenaraen lehen xedea zen behaketa egitea, eta bigarrena, lanketaren berri emateko egindako aurkezpenaren ondoren Tolosako Udalak bidalitako prentsa oharrak dioenez, "jarreretan eragiteko heziketa lantzea bazkideekin".

Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa zituzten saltokiak behaketak egiteko, horietako arduradunerik batera aldagai guztiei erreparatuz (errotulazioa, ezagutza, erabilera, jarrera...). Heziketari begira, berriz, lau saio egin dira elkarteko bazkideekin, EMUNeko Ainhoa Lasaren eta Kike Amonarrizen eskutik. Azkenik, UEMArekin eta Tolosako Udaleko Euskara Zerbitzuekin elkarlanean, establezimenduak euskalduntzeko gida garatu da.

10 saltokitatik 9tan

Aurkezpenean azaldu zutenez, "etorkizunean egin beharrekoak zehazte aldera, behaketa lanek emandako diagnostikoak hainbat datu esanguratsu" utzi ditu. Erakutsi du, besteak beste, Tolosa&Coren bazkide diren saltokietako langileen %80k euskaraz badakiela eta %93k ulertzen duela (batez bestekoaren gainetik, tolosarren %85ek ulertzen baitute euskara), Beraz, "10 saltokitatik 9tan euskaraz zerbitzua eman dezakeen norbait bada".

Ikusi dute, halaber, saltzaileen lehen hitza euskaraz izan dela kasuen %82tan eta establezimenduen %54k euskaraz funtzionatzen duela nagusiki eta beste %6k elebitan. Euskarari dagokionez, ordea, errotuluek ez duten zuzenki islatzen errealitatea: "errotulu nagusirik gabeko saltokiak eta errotulu nagusi neutrodunak alde batera utzita, establezimenduen %35ak dauka errotulu nagusia gazteleraz". Dena den, euskararen erabilera handitzeko prestutasuna handia da: establezimenduen %78 prest dago paisaia linguistikoari dagokionez, euskararen alde proposatutako neurriak betetzeko.

Hain zuzen ere, jarrera euskararen aldekoa da orokorrean, elkarrizketatuen %87k uste baitu Tolosako Udalak euskararen aldeko neurriak hartu behar dituela, %81ak uste duelarik Tolosa&Cok ere euskararen aldeko jarrera izan behar duela. Ikusi da, gainera, Tolosa&Coren bazkideek euskara baloratzen dutela: %80k uste du zerbitzua euskaraz eskainita hobea dela eta %84k bezeroek euskara baloratzen dutela erosteko garaian.

"Datu hauen aurrean, lan egiteko aukera oso ona dela ikusi dezakegu", azaldu zuten ekimenaren arduradunek. Lanean jarraitzeko beharra dagoela ere nabarmendu zuten. Adibidez, paisaia linguistikoaren alorrean, non ikusi duten "euskararen presentzia areagotzeko premia handia", "kontsumitzaileak euskaraz egin dezan, bertan euskaraz egin daitekeela transmititu behar dutelako saltokiek".

Horri lotuta, "saltokietako arduradunekin lasaitasun osoz euskaraz komunikatzeko aukera dagoela kontzientziatu behar diegu erosle euskaldunei. Horretarako, saltzailearen eta eroslearen arteko komunikazio esparrua ere landu behar da etorkizunean", aurreratu zuen Galtzaundiko ordezkariak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos