Eragileak hasiak dira datorren urtean egingo den '11 egun euskaraz' lantzen

Euskal Herriko bost lurraldetako euskaltzale, boluntario eta euskara teknikariek hartu zuten parte mintegian. / Topagunea

40 herri eta eskualdetako euskaltzale-batzordeek ekin diote Topaguneak eta Jaurlaritzak abiarazi duten ekimena antolatzeari

2018ko azaroa eta abendua ez daude ematen duen bezain urrun. Are gutxiago kontuan hartzen bada zenbat lan egin behar den Euskarak 365 egun dinamikaren baitan kokatuta dagoen '11 egun euskaraz' ekimena bideratu eta gauzatzeko. Ekimenaren helburua da euskaltzale helduak aktibatzea eta prestatzea, beren eguneroko harremanetan euskaraz aritu daitezen ulertzen duten herritar guztiekin. Horretarako, hamaika eguneko ekimenak gauzatzea proposatzen da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Helburua, esan bezala, euskaltzaleak aktibatzea da, beren egunerokoan euskarazko hizkuntza praktikak areagotu eta hizkuntza ohituretan eragiteko. Ekimena Euskal Herri osokoa izango den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta inguru soziolinguistiko bakoitzaren errealitatera moldagarria izango da.

Horrelako ekimen bat ez denez inprobisatzen, Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak, proiektuaren inguruan adostu duten elkarlana sustatuz, euskalgintzako eragileekin lan mintegia burutu dute, '11 egun euskaraz' martxan jartzeko gakoak aurkeztuta. Saioa EHUren Donostiako Barriola zentroan egin zen larunbatean, eta bertan euskalgintzako 120 eragile bildu ziren. Topaketaren helburua 11 egun euskaraz proposamena azaldu eta elkarlanean gakoak eztabaidatzea izan zen, ekimena martxan jarri eta herrietan lanean hasi ahal izateko. Topaguneak ohar baten bidez azaldu duenez, jardunaldia “erabat aberasgarria" izan zen, eta "esperientziak bildu, ezagutarazi eta elkarlanak probestu duen eztabaidaren bitartez, ekimena martxan jartzeko abiapuntua eskaini du euskararen erabileran eragitea helburu duen lan ildoaren eskutik".

Esperientziak partekatzeko unea

Mintegian Euskal Herriko bost lurraldetako euskaltzale, boluntario eta euskara teknikariek hartu zuten parte, eta 2018ko azaroa eta abenduan burutuko den ekimenaren antolakuntzan 40 herri eta eskualdetako euskaltzale-batzordeak lanean hasiak direla azaldu zuten antolatzaileek. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Elena Lakak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea den Miren Dobaranek eman zioten sarrera mintegiari. Ordezkari biek azpimarratu zuten proposamenaren oinarrian dagoen gizarte eragile eta administrazio publikoen arteko elkarlana. Hizkuntza biziberritzeko bidean elkarlan-dinamika berrien beharra aldarrikatu eta egitasmo honetan gauzatu nahi izan dela azaldu zuten erakunde bietako arduradunek.

Lan mintegia bost ikuspegik ardaztu zen. Lehena ekimenaren aurkezpena izan zen. Ekimenaren arduradun Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkortak inertziak apurtuz euskararen erabilera ohituretan eragiteko helburua duen ekimenaren xehetasun eta gakoak eman zituzten. 2018rarteko lan dinamikaren berri eman zuten egitasmoko arduradunek eta prozesuan zaindu beharreko ezaugarri eta irizpideak aletu zituzten. Aktibazio egitasmo honen bidez hiztunen hizkuntza praktiketan eragin eta era guztietako entitateen babes neurriak bultzatu nahi direla kontuan hartuz, garrantzia berezia eman zioten herriz herri antolatzen ari diren batzorde eragileei, gizarte eragileak, udalak eta herritarrak biltzen ari diren lan-taldeei.

Ondoren, dagoeneko aktibazio dinamika burutu dutenen esperientzia partekatu zen. Donostiako Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagak eta Idoia Trenorrek Egia auzoko esperientzia azaldu zuten eta 'Nola egin dute? Hizkuntza-ohituretan eragiteko esperientzien bilduma' liburua aurkeztu zuten. Azken bi urteetan 10 herritan egin diren aktibazio ekintzen esperientziak jaso dituzte lehen liburu horretan. Gida bat ere argitaratu dute ('Ekitea da kontua' izenburuko gida), aktibazio ekimen berriak martxan jarriko diren herrietan lagungarri izan daitekeen tresna.

Hirugarren, entitateen urratsak biltzen dituen Aktibatu dinamika (EHU) aurkezpena egin Zuten Maite Oronozek (EHU, Informatika Fakultateko ikaslea), Pilar Aristizabalek (EHU, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikaslea), eta Jon Zaratek (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara errektoreordea).

Laugarren, bildutako eragileek herri tipologiaren arabera hamarkako taldeak osatu eta Barriola zentroko (EHU) geletan bildu ziren, ekimenaren inguruan eztabaidatu eta ekarpenak egiteko. Bildutakoen helburua, tokian tokiko errealitateak aztertu eta ekimena bideragarritasunez martxan jartzeko bideak elkarlanean ezagutzea izan zen. Administrazio publiko eta gizarte eragileen arteko funtzio banaketak eta eskualde antolaketa izan zituzten aztergai nagusiak.

Bosgarren, dagoeneko martxan diren herrien jarduna ezagutzeko testigantzak entzun dituzte bertaratutakoek. Alde batetik, Elgoibarko Euskarak 365 egun batzordeak euren koordinazio esperientzia partekatu du. Bestalde, Tolosaldeko esperientzia partekatzeari esker, eskualdean antolatzearen zailtasunak eta onurak ezagutu ahal izan dira, Galtzaundi euskara elkarteko eta Tolosako udaleko ordezkarien aldetik..

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos