«Elikadura subiranotasuna hezkuntza prozesuaren baitan landu behar da»

Amaia Elorza.
Amaia Elorza. / UEU
Amaia Elorza Pinedo, Eathink2015 proiektuko arduraduna

Helburua da gazteek ikus dezaten «zein ondorio dituen guk egunero-egunero jaten dugunak, eta nondik datorren»

UEUren Udako Ikastaroen barruan 'Hezkuntza formalean elikadura subiranotasuna lantzeko erremintak' jardunaldia izan da astelehen honetan Eibarko Markeskoa jauregian. Amaia Elorza Pinedo Eathink2015 proiektuko arduradunak eman du elkarrizketa honetan Eathink2015 proiektuaren eta ikastaroan bertan landu denaren berri.

-Elikadura burujabetza eta kontsumo arduratsua txikitatik lantzea berebizikoa dela ikusten duzue.

-Bai, hala da. Eathink proiektuak berez nahi duena da ikastetxeetan nerabe eta gazteek elikadura subiranotasuna hezkuntza prozesuaren baitan lantzea. Ikustea nondik datorren jaten duguna eta zein ondorio dakartzan guk elikatzerakoan kontsumitzen dugunak. Nolabait gazte hauek ikastea horri buruz eta haiek bihurtzea eraldaketaren ekintzaile, kontsumo arduratsuago eta osasuntsuago bat aldarrikatzen.

-Azken batean curriculumean sartzea.

-Ideia da txertatzea gai guzti hauek curriculumaren baitan eta ikastetxean bertan beraiek landu ahal izatea, zerbait berezia izan gabe. Gaur egun elikadura bai lantzen dela osasunaren ikuspuntutik eta beste ikuspuntu batzuetatik, baina interdependentzia globalen ikuspuntu horretatik ez da horrenbestetan lantzen. Zein ondorio dituen guk egunero egunero jaten dugunak eta nondik datorren.

-Badirudi jantokiko ordu hori pedagogiatik aparteko zerbait dela.

Bai hori da. Ikastetxera goaz, gauza batzuk ikastera eta gero badaukagu ordu bat bazkaltzeko edo jateko edo dena delakoa. Batzuk etxera doaz, beste batzuk ez. Nola ikusi benetan horrek badaukala zeresanik?

-Orain arte proiektuaren barruan material didaktikoa landu duzue. Zer beste?

-Hainbat eta hainbat aktibitate garatu ditugu. Irakasleekin beraiekin ikas unitate batzuk sortu eta landu ditugu gaia txertatzeko ikastaroan zehar eta horiekin guztiekin eta beste hainbat materialekin sortu dugu material didaktikoen kit moduko bat, orain zabaltzen ari garena. Eta beste ekintza nagusietako bat tailerrak izan dira. Bai LHn eta bai DBHn eskaini izan ditugu hainbat eta hainbat tailer kanpoko hezitzaile batzuekin eta tailer horietan egin izan dena da zuzenean elikadura landu interdependentziaren ikuspuntutik. Ikasleak hasten ziren sei orduko tailer horren hasieran haien gosariari buruz hausnartzen, - zer gosaldu dut? nondik dator? nork ekoitzi du?- eta hortik tiraka gai guzti horiek lantzen joan dira; eta tailerraren amaieran, ikasleek ikasi dutenarekin sortu behar dute ekimenen bat, proiekturen bat, edo ekintza txikiren bat, beraien ikaskideak, familiak edo herrikideak kontzientziatzeko edo sentsibilizatzeko ikasi duten horren inguruan.

-Hori orain artekoa. UEUren ikastaro honetan zer da egin duzuena?

-UEUren ikastaro honetan nahi duguna da orain arte landu dugun material guztia batu dugunez, irakasleekin partekatu, haiek ere material hori erabili ahal izateko beraien egunerokotasunean. Erreminta batzuk sortu ditugu proiektu pilotu batzuekin eta goazen hori hedatzera eta benetan umeekin eta gazteekin lanean jarduten den jendearen eskutan jartzera. Horregatik lehenengo praktika onen mahai inguru bat izan da, eta gero bi tailer praktiko, bata tailerrak gauzatzen dituzten hezitzaileekin eta bestea Bizi Baratzeko Jakoba Errekondorekin, eskola baratzeak lantzeko.

-Zein da azken helburua?

-Material hau ahalik eta gehien zabaltzea eta irakasleek beraiek erabiltzea. Eta gero eta gehiago gure ikastetxeetan elikadura subiranotasuna, elikadura eta kontsumo arduratsua lantzea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos