Elikadura eta ohitura osasungarriei buruzko heziketa programa

Haurrengan ohitura osasungarriak sustatu nahi ditu ekimenak./REUTERS
Haurrengan ohitura osasungarriak sustatu nahi ditu ekimenak. / REUTERS

Eroskik ekimena 2013an abiarazi zuenetik, Estatuko Lehen Hezkuntzako 2.821 ikastetxetako 409.010 ikaslek parte hartu dute

Eroski Fundazioak Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko VI. Heziketa Programa jarri du martxan, Elikadura Eskolaren bitartez. Helburua da ikasleak sentsibilizatzea elikadura orekatua eta bizimodu osasungarria izateaz. Espainiako Estatuko Lehen Hezkuntzako 1.691 ikastetxetako 189.900 ikasle inguruk hartu zuten parte aurreko ikasturteko heziketa programan. Ekimena 2013an abiarazi zenetik, Estatuko Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %20k eman du izena, eta 2.821 ikastetxetako 409.010 ikaslek parte hartu dute.

Programa egiteko batzorde zientifiko bat osatu da arlo ezberdinetako profesionalekin: medikuntza eta pediatria, nutrizioa eta dietetika, psikopedagogia eta pedagogia. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat pentsatuta dago, hamar saio didaktiko ditu ikasgelan lantzeko, eta tailer praktikoekin osatzen da.

Horrela, ikasleek "erosketa osasungarria" egiten ikasten dute Eroskiren denda batean, eta aukera dute elikagaiak ekoizten dituen nekazari baten etxaldea ikusteko, bertatik bertara ezagutu dezaten janaria nondik datorren. Unicef, WWF, Bihotzaren Espainiako Fundazioa eta Basque Culinary Center kolaboratzaileak dira Eroskiren Elikadura Eskolan, eta heziketa programako edukien zati bat prestatu dute.

Alejandro Martinez Berriochoa Eroski Fundazioaren zuzendariak azaldu duenez, aurreko ikasturtearekin alderatuta igo egin dira ikasle zein ikastetxe kopurua, %50 eta %30, hurrenez hurren. "Datu horiek erakusten dute programak balorazio baikorra izan duela. Gainera, azken lau urteetan zazpi bider handitu da partaide kopurua" gaineratu du.

Halaber, Eroski Fundazioaren arduradunaren arabera, dendan egiten diren ohiko tailerrak "birpentsatu" egin dituzte, eta "lehen baino dibertigarriagoak eta didaktikoagoak" izango dira. Gainera, beste tailer formatu bat pentsatu dute dendetarako, "Ikasgelako chefa" izenekoa. Iaz, 1.160 tailer baino gehiago egin zituzten 209 dendatan, eta 27.600 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten.

Ikasturte honetan, berriz, parte hartzaile kopurua gainditzea espero dute, eta, Imagine Food errezeta osasungarrien marrazki lehiaketarekin batera, berritasunak izango dira ikasturte honetan. "Bigarren Hezkuntzako ikasleei Heziketa Programa emateko eskari kopuru handia izan dugula eta, zenbait azterketa pilotu gauzatuko ditugu, programako edukiak DBHra egokitzeko", iragarri du.

2017-2018 ikasturteko programan interesatuta dauden ikastetxeek izena eman dezakete www.escueladealimentacion.es webgunean edo 946 072 841 telefonora deituta.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos