Egiaztagiriak Europako Marko Bateratura egokitu ditu Jaurlaritzak

Ingeleseko B-2 agiria lortzeko azterketa.
Ingeleseko B-2 agiria lortzeko azterketa. / A. Quintero

Orain arte indarrean zegoen baliozkotzeen dekretuak ez zituen emandako titulu guztiak barne hartzen

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutza egiaztagirien baliozkotzeak arautzen dituen dekretuaren aldaketa onartu du astearte honetako Gobernu Kontseiluan. Dekretu proiektu bidez eginiko aldaketa horri esker, egungo titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin baliozkotu dira.

Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak azaldu duenez, aurreko gobernuen dekretuen eta aginduen ondorioz euskararen ezagutza egiaztagiri eta titulu ia guztiak honezkero baliozkotuta egon arren, baliozkotzeen dekretuak ez zituen emandako titulu guztiak barne hartzen. Dekretuaren aldaketaren xedea HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) ematen dituen tituluak eta Euskaltzaindiaren B titulua sartzea izan da nagusiki.

Modu honetan, titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin baliozkotu dira. Hain zuzen, europar marko bateratuaren B1 mailarekin egokitutako titulu eta egiaztagiriak dira Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 1. hizkuntza eskakizuna, HABEren 1 eta B1 mailako egiaztagiriak eta Osakidetzaren 1. hizkuntza eskakizuna.

B2 mailarekin egokitutako titulu eta egiaztagiriak, aldiz, HAEEk ematen duen 2. hizkuntza eskakizuna, HABEren 2 eta B2 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 2. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzaren 1. hizkuntza eskakizuna eta irakasleen 1. hizkuntza eskakizuna dira.

Halaber, C1 mailarekin egokitutako titulu eta egiaztagiriak dira HAEEk ematen duen 3. hizkuntza eskakizuna, HABEren 3 eta C1 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 3. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzaren 2. hizkuntza eskakizuna, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), Euskaltzaindiaren D titulua eta irakasleen 2. hizkuntza eskakizuna.

Azkenik, europar markoaren C2 mailarekin egokitutako titulu eta egiaztagiriei dagokienez, HAEEk ematen duen 4. hizkuntza eskakizuna, HABEren 4 eta C2 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 4. hizkuntza eskakizuna eta Euskaltzaindiaren B titulua dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos