Donostiak euskal hiztunak motibatzeko aldarria egin zuen

Udaleko eta hainbat erakundetako ordezkariek hartu zuten parte atzoko ekitaldian. / SARA SANTOS
Udaleko eta hainbat erakundetako ordezkariek hartu zuten parte atzoko ekitaldian. / SARA SANTOS

Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia Gasteizen izango da gaur eta Gipuzkoako hainbat herri ere batuko dira ospakizunetara

DV DONOSTIA.

Gipuzkoako herri eta hiri gehienek Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako ekitaldiak burutuko dituzte gaurkoan. Donostian atzokoan 'Baietz 11 egun euskaraz Donostian' izeneko aurkezpen-ekitaldia egin zen, Udaletxeko Udalbatza aretoan eguerdian. Ekitaldi horretan Donostian 2018an aurrera eraman nahi den '11 egun euskaraz' ekinbidea aurkeztu zen hiriko erakunde, eragile eta elkarteei. Aurkezpenean Eneko Goia alkatea, Miren Azkarate Euskara zinegotzia, Bagerako, Ahobizi eta Belarriprest erakundeetako ordezkariak izan ziren. «Hiztunak motibatu behar ditugu euskara egitera», esan zuen zinegotziak.

Irunen, bestalde, Euskara udal arloak tailerrak eta diskofesta bat antolatu zituen atzokoan San Juan plazan, 11.00etatik aurrera. 20:00etan, Amaia Kultur Zentroan, 'Handia' filma proiektatu zen. Gaurko, 12.00etan, Nabartenea abesbatzak Kantuz-kantu saioa burutuko du Erromes plazan.

Eibarren egun osoko egitaraua antolatu dute gaurko. 'Emon eskua euskeriari' izango du goiburu, eta eguneko ekitaldietako batek, bereziki, horrekin izango du zerikusia, horma-irudiak osatuko baitira eskuekin. Eguerdiko hamabietan Unzaga plazan bost abesti aukerakantatuko dira: 'Hiru gizon ilustre', 'Eskuetan', 'Euskararen Txantxangorria', 'Euskaraz bizi nahi dut' eta 'Euritan dantzan'. Abesti horiek, beste bostekin batera, kantu-liburuxka batean bilduko dira, herritarren artean banatzeko. Horma-irudia amaitu ondoren herri-bazkaria egingo da Untzaga plazan egongo den karpan. 400 lagun bilduko dira bertan. Bazkalostean erromeria izango da, Parrapas taldearen eskutik.

Tolosaldeko herri guztiek bat egingo dute gaur egitarau bateratu batekin. Eguerdiko 12:00etan herri guztien artean esaldi hau osatuko dute: 'Tolosaldean euskarak 365 egun!!'. Tolosaldeko herri bakoitzak esaldiaren letra bat irudikatuko du herriko plazaren batean, ondoren argazkia ateratzeko. Herri bakoi-tzeko argazkiak bateratuta leloa osatuko da.

Pasaia-Lezo Lizeoak egun hauetan ekitaldi ugari antolatu ditu. Hala nola, Donibaneko Euskararen Astea, Lezoko Kantu Jira eta gaur eguerdian Antxoko Zumardian flashmob bat egingo dute.

Zumarraga eta Urretxuko Udalek udal euskaltegiaren laguntzarekin atzo antolatu zuten Mintzodromoa. Urtero bezala, Urretxuko udaletxeko sarrera nagusian 40 lagun inguru elkartu ziren eguerdiko 12:00etatik 13:00etara

Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi Nagusia Gasteizen izango da gaur eguerdian. Europa Biltzar Jauregian egingo den ekitaldi instituzionalean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentearen eta Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiak izango dira.

Iker Galartza eta Aitziber Garmendia aktoreek euskararen inguruko hainbat pasadizo taularatuko dituzte, eta euskalgintza arloan herriz herri eta plazarik plaza egiten den lana ere erakutsiko dute ekitaldian zehar.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos