Ez dira 150era iristen Gipuzkoan eskuz egindako lanari eusten dioten artisauak

Antzekoak izango dira, baina pieza berezi eta bakarra izango da eskuz egindako pitxer hau./Eduardo Argote
Antzekoak izango dira, baina pieza berezi eta bakarra izango da eskuz egindako pitxer hau. / Eduardo Argote

420.000 eurorekin, 200 jarduera baino gehiago sustatu ditu diruz Foru Aldundiak 2017an, eskulangintza tradizionala zein garaikidea aintzat hartuz

M. IMAZ

Oso modan jarri dira azkenaldian Txinan edo auskalo non egindako artisau erako altzari eta objektuak... Pieza 'eskuz' margotzen ari zen 'artisauari' ustez ihes egin zion pintzelkada galdua den-denek toki berean duten pitxer klonikoak; eskuz lixatuak diruditen altzariak; aire burbuila barruan gelditu zaien beirazko edalontziak; saskiak... Itxurarekin nahikoa da, alegia, erosle askori inporta zaiena modak eta prezio merkeak osatzen duten bikote garaiezina baita. Hortik aurrerakoak, hor konpon.

Bien bitartean, aurrerabidearen bazterretan ari dira gelditzen eskulanean oinarritutako betiko ofizioak zein horiek ekoitzi dituzten betiko objektuak. Gipuzkoan, Foru Aldundiaren baitako Gipuzkoako Artisauak web gunean kontsulta daitekeen erregistroaren arabera, 145 dira jarduera tradizionalei eusten dieten artisauak. Badira molde tradizionalean lan egiten jarraitzen dutenak, eta badira interpretazio berriak egiten edo teknika eta material berriak baliatzen dituztenak, baina funtsean guztiek partekatzen dute espiritu bera, eta denen eskuetatik sortzen dira arretaz egindako objektu berezi eta zainduak.

Erregistroa errepasatzean ikus daiteke kide kopuru desberdineko familiak daudeña. Badira kide ugarikoak, hala nola 19na artisau dituzten 'egurrezko denetariko objektuak' eta 'ehunen dekorazioa', edota erregistratuta 18 artisau dituen 'bitxigintza/urregintza'. Horiek dira, baina, hamarrekoa gainditzen duten bakarrak. Eskulangintzaren gainerako adar eta ofizioak daude lauzpabost edo bizpahiru eskutatik zintzilik, eta ordezkari bakarra duenik ere bada. Seguruenik norbaiti emango dio zer pentsatua jakiteak pilotagile bakarra gelditzen dela Gipuzkoan (Otero anoetarra), eta saskigintzak, aizkoragintzak edo eskopeta artisauen fabrikazioak ere ordezkari bakarra dutela. Sektorea zein anitza den ikusteko eta zenbait gauzar eder egiten dituzten ikusteko nahikoa da erregistroan barrena begira ibiltzea.

Ikusgarritasuna eta kalitatea sustatu

Baina sektorea, jakinduria eta sormen handikoa izanagatik, ahula ere bada, txikia delako eta are txikiagoak direlako barne hartzen dituen enpresak, pertsona bakarrekoak askotan. Eskulangintza sustatzeko plana jarri zuen abian Foru Aldundiak, eta berriki iragarri ditu Gipuzkoako Eskulangintza Sektorea Sustatzeko Plan horren barruan 2017an emango dituen laguntzak.

Hain zuzen ere, aurten "sektore horren kalitatea sustatzeko helburua duten 200 jarduera baino gehiago" lagunduko ditu 420.000 euros. Laguntza horiek "eskulangintza ogibidetzat duten ehun bat pertsonen eta eskulangintza sektoreko elkarteen lana bultzatuko dute".

Diru laguntzen gehiengoa (% 39,74) eskulangileei eman zaie lurralde historikoan nahiz kanpoan egiten diren azoketan parte har dezaten. Gainerakoa honela banatu da: antolaketarako (% 25,59); makineria, lanabesak edo hornidura informatikoa lortzeko eta egokitze lanetarako (% 23,07); eta sustapen-materiala, webguneak eta online salmenta bultzatzeko (% 6,48). Horrela, 207 jarduerari eskainiko zaie laguntza, hain zuzen, sektorearen ikusgaitasuna, profesionalizazioa, entzutea eta kalitatea sustatzeko eta haren bideragarritasun ekonomikoa eta soziala bultzatzeko helburua dutenei.

Azpisektoreei dagokienez, ofizio talde hauetako proiektuek jaso dituzte diru laguntzak: ehungintza (% 25), bitxigintza (% 20,24), zurgintza (% 11,90), arte grafikoak eta papergintza (% 7,14), zeramika (% 7,14) eta beira (% 5,95). Horrez gain, laguntza eskaini zaie, orobat, larruarekin, metalarekin, landare-zuntzekin eta harriarekin lotutako proiektuei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren bidez, "eskulangintza sektore dinamiko bat sustatu nahi du, eta, horretarako, eskulangintzaren banaketa, produkzioa eta sorkuntza bultzatzen ditu, bai ikuspegi tradizionaletik, baita garaikidetik ere. Ikuspegi bakoitzak bere pisu espezifikoa, eta gaitasun eta bideragarritasun handia ditu gure gizartean".

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eskulangintza sektoreak berak konpromisoa hartu dute "sektorearen ikusgarritasuna sustatzeko; profesionaltasunezko, prestigiozko eta kalitatezko ingurune batean kokatzeko eta bideragarritasun ekonomiko eta soziala garatzeko". Hori dela eta, Gipuzkoa eskulangintza sektorerako estrategia bat garatzen ari da Aldundia, "etorkizunean gizarte eta ekonomia jasangarri bat lortzea helburutzat hartuta".

Temas

Zabalik

Fotos

Vídeos