m

Datorren urtetik aurrera, Aplikazio Mugikorren Masterra

Batura Mobileko zuzendari nagusiak, Gotzon Arzelusek, eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoak, Lander Belokik, sinatu zuten hitzarmena-
Batura Mobileko zuzendari nagusiak, Gotzon Arzelusek, eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoak, Lander Belokik, sinatu zuten hitzarmena-

Mondragon Unibertsitateak eta Batura Mobile enpresak jarri dute abian, Bilbao Berrikuntza Faktorian

Mondragon Unibertsitateak eta Batura Mobile enpresak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, datorren urritik aurrera Aplikazio Mugikorren Masterra abian jartzeko. Bilbao Berrikuntza Faktorian emango da masterra, eta izena emateko epea zabalik dago jada. Zehazki, unibertsitateak eta enpresak elkar hartuta diseinaturiko masterra martxan jartzeko akordioa sinatu dute Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoak, Lander Belokik, eta Batura Mobileko zuzendari nagusiak, Gotzon Arzelusek.

Masterreko prestakuntza-programak erantzuna eman nahi dio ekonomia digitalaren merkatuan gero eta nabarmenagoa den beharrari. Hain zuzen, mugikorren sektoreak hazkunde handia izan du azken urteetan, eta enpresek ez dute hazkunde hori bideratzeko behar besteko talenturik aurkitzen. Izan ere, gure gizartean izan den iraultzarik handienetako bat da ekonomia digitala; hori dela eta, negozio-eredu, produktu, zerbitzu, bezeroekin jarduteko modu eta kanal berriak sorrarazten ari da. Adibidez, mugikorren sektorean, aplikazioen —appen— erabilerak hartzen du mundu digitalean ematen den denboraren % 54, eta mugikorren bidezko erosketak handitzen eta erosketa tradizionalak ordezten ari dira. Horregatik, iraultza horretan parte hartzeko behar diren ezagutza eta gaitasunen jabe izateak lehiarako abantaila ekar diezaieke enpresei, eta lanbide-etorkizun erakargarria gazteei.

Programaren helburua mugikorren sektoreko profesionalak prestatzea da, diseinuaren, garapenaren eta marketinaren gaineko ikuspegi globala emanez, sektorearen balio-kate osoaren gaineko ezagutza globala izan dezaten.

Masterra erdipresentziala izango da: 60 ETC izango ditu, aurrez aurreko 200 ordu eta beste 100 online. Urritik apirilera bitartean emango da —uztailean entregatuko da master-bukaerako proiektua—, Bilbao Berrikuntza Faktorian, asteazken arratsaldetan (online), ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan. Aplikazio mugikorren garapenaren eta fabrikazioaren inguruko ezagutza teorikoak eta praktikoak jaso nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago, teknologia berrietako profesionalak izan zein ikasketak amaitu berri dituzten gazteak izan. Irtenbide mugikorrak diseinatzen, garatzen eta merkaturatzen ikasiko dute horiek.

Masterrak ikuspegi praktikoa izango du. Hala, ikasleek, hainbat erronkaren bidez, konponbidea emango diete enpresen benetako arazo eta beharrei. Gainera, sektoreko enpresetan praktikak egin ahalko dituzte ikasleek. Matrikula-epea zabalik dago jada. Informazio gehiago jasotzeko, deitu telefono-zenbaki honetara: 943 718 009.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos