Datorren urtera begira jarriko da Udaltop

Udaltopa, hamargarrena ospatzeko. /
Udaltopa, hamargarrena ospatzeko.

Azken egunean arreta berezia bereganatuko du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea elkarrekin gauzatzen ari diren 'Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak' proposamen berriak

Agintarien parte-hartzea izan zuen irekiera ekitaldiaren ondotik, martxa bizia hartu du ostegun honetan Udaltopek. Bidaia Galesen hasi da, Colin H. Williamsek, Cardiff eta Cambridge Unibertsitateko ohorezko irakasleak, eskaini duen ponentziarekin. Williams luze eta xehe jardun da 'Gizarte aktibazioa eta hizkuntza-ohituren aldaketa Galesen' gaiak, eta erakutsi ditu bi hizkuntzen eta bi herrien arteko parekotasunak, baita diferentziak ere.

Saioa amaitu du Jardunaldien 10. edizioko gai nagusiari, Euskaraldiari, begira. «2018ko azaroan abiaraziko den programak osagarritasuna, malgutasuna, abiaraztea eta esparru komuna baliatuko dituela espero eta uste dut, elkarrekin bere kabuz sortzen den prozesu eraginkorra sor dadin, dagoeneko dauden jarduerei balioa erantsiz. Noski, beti gerta daiteke ekimen berriak ohiko bihurtzea eta bizitasun eta originaltasuna galtzea gobernuaren programa gisa ezartzen direnean. Horrela gertatuko balitz ere, soilik gobernuaren agentziek, haien botere eta baliabideekin, mantendu ditzakete horrelako epe luzeko ekimenak. Balioesten direlako eta funtzionatzen dutelako, gizartean txertatzen diren portaera aldatzea eta hizkuntza-aukeraketan ohitura onak bultzatzea lehentasuna izan behar da, zuen programak eragin iraunkorra izatea nahi baduzue, bestela, aldi baterako zerbait izango da, eta ez nahi duzuen eta jorratzen ari zareten ekarpena, euskarari bizitasuna emango diona», esan du-

Jarraian, hainbat esperientzia ezagutu ahal izan dira. Alaitz Villatek eta Koldo Iturbek Getxokoa aurkeztu dute, 'BAT eta BAT HAMAIKA. Beste urrats bat aspaldiko elkarlanean Getxon' hitzaldian. Edizio honetan Euskaraldia oinarri denez, Eneritz Rekartek, Jenofa Berhokoirigoinek eta Rita Aldabaldetrekuk 'Nola antolatzen ari da 2018ko Euskaraldia? Prestakuntzaz, BAM; arnasgune eta bailara izaeraz, Baztan; eta prozesuaz eta sare lanaz Zarautz' azaldu dute. Amaia Baldak, Imanol Larreak eta Zesar Martinezek hartu dute lekukoa, 'Bi gehi bi lau ez direnean: herrigintzaren magia. Hamaika gako herritarren aktibazioan' izenburupean ponentzia eskainita.

Goiza amaitzeko Josune Zabala ('Behin honetara ezkero… neurrialdia ere bai!) eta Pablo Suberbiola 'Ulermena aktibatzeko metodologia berriak prestatzen') izan dira oholtzan. Bazkalorduan, Udaltoparekin ospatu dute hamargarren ediziora iritsi izana, eta arratsaldeak ere ekarri ditu ekarpen interesgarriak, hala nola Aitor Unanueren 'Armairutik atera ginenekoa: testigantzetatik aurtengo praktiketara?' eta 'Euskaraldia puntaz punta' ponentziei.

Ostiralean, berriz, datorren urtera begira jarriko da Udaltop, 2019ko Euskaraldia-ra. Arreta berezia bereganatuko du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea elkarrekin gauzatzen ari diren 'Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak' proposamen berriak.

Dena den, goiza, Pello Jauregiren 'Hizkuntza-ohiturak plano pertsonaletik kolektibora' hitzaldiak zabalduko du. Proposamenaren aurkezpenak ekarpen lanerako aukera izango du eta Udaltopeko parte hartzaileek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute horretara bideratuko den saioan. Lantegiek bide emango die Ane Barrusoren eta Estepan Plazaolaren 'Maleta bete belarritako' eta Ainhoa Mendibilen eta Jon Ander Loidiren 'Eta PRESTatzen badugu lan mundua?' hitzaldiei.

Hamargarren edizioak agur berezia izango du Muxote Potolo Bat-en muralaren eta 'Txelo baten soinuaz' emanaldiarekin a Pello Ramirez biolontxelo-joleak eta Uxue Alberdi bertsolariak agurtuko dute aurtengo Udaltop, begirada hurrengoan jarrita.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos