Bullyngari aurrea hartzea eta aurre egitea, guztion ardura

Ezkerretik eskuinera, Leire Goenaga, Eli Moreno, Estitxu Elduaien eta Iñaki Alegria./UEU
Ezkerretik eskuinera, Leire Goenaga, Eli Moreno, Estitxu Elduaien eta Iñaki Alegria. / UEU

UEUk eta Azpeitiko Udalak antolatutako jardunaldiak ikuspegi askotatik helduko dio gaiari azaroaren 24an

UEUk eta Azpeitiko Udalak 'Bullyingaren mugak gainditzen' jardunaldia antolatu dute, bullying gaiaren inguruan lan egiten duten agenteak bildu eta komunitate moduan gai honetan nola eragin daitekeen hausnartzeko asmoz. Topaketa azaroaren 24an egingo da Azpeitian Sanagustin kulturgunean. Egitarau osoa hemen dago, eta izena ere bertan eman daiteke.

Prentsaurrekoan Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak; Eli Morenok, jardunaldietako koordinatzaileak eta Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta Leire Goenaga Hezkuntza Zinegotziak parte hartu dute.

Estitxu Elduaienek UEU eskertu nahi izan du beste behin elkarlanean apustu sendo bat egitera ausartzeagatik: "Azken urteotan Azpeitira formazio eskaintza zabala ekartzeko apustuaren baitan, besteak beste, UEUrekin ikastaro eta jardunaldi eskaintza egiteko baliabideak jartzen ari gara. UEU bidelagun ona bilatu dugu. Iaz bakegintzaren inguruan lehen jardunaldia antolatu genuen, eta Bullying-ari buruz antolatu dugu bigarrena. Hasitako bidea indartzera etorriko da jardunaldi hau, eta iaz bezalako harrera izatea espero dugu".

Puntu desberdinak

Leire Goenagak zergatik aukeratu den Bullying-a zehaztu du: "Azken aldian bullyinga arazo larri bihurtu da ikastetxeetan eta gizartean. Azken urtean sare sozialen eragina eta aztertuz egin ditugu zenbait saio, baina ikastetxeen, beste hezkuntza eragile eta gurasoen beharrak aztertu ostean erabaki genuen gai hori aztertzea. Jardunaldiak gaia aditu desberdinekin eta puntu desberdinetatik lantzeko aukera emango digu, eta gai honen inguruan herriko ikastetxeetan egiten den lana gertutik ezagutzeko aukera ere izango da. Uste dugu denontzat aberasgarri izan daitekeen eguna izan daitekeela".

Iñaki Alegriak hartu du ondoren hitza: "UEUren egiteko garrantzitsuenen artean aurkitzen dira topaguneak sortzea eta tokian tokiko gizarteak dituen beharrei erantzutea da, horretarako beharrezkoa den marko akademikoa emanez. Iaz abiatu genuen bidea bakegintzari buruzko jardunaldi arrakastatsuekin, ondoren urtean zeharreko ikastaroak ere antolatzen gabiltza, eta gaur gure gizartearentzat kezka iturri den beste gai baten topaketa aurkeztera gatoz. UEUren zeregina izango da gai hau eremu akademiko batean kokatzea. Gure helburua da jardunaldi hauek ikasi, eztabaidatu, trukatu eta elkar aberasteko izatea. Helburu horretan bidelagun ezin hobea daukagu Azpeitiko udalean, eta elkarlan sendo honen fruituak ikusten ari gara dagoeneko".

Eli Moreno psikologoak eta jardunaldi honen koordinatzaileak topaketa hau antolatzeko nondik norakoak eta egitaraua azaldu ditu: "Azken urteetan bi gai hauek pil-pilean dauden gaiak dira, gero eta kasu gehiago salatzen dira eta hala ere adituek iceberg-aren punta bakarrik ikusten ari garela diote. Beste batzuen iritziz aldiz, beti gertatu da eta gaur egun ikusgarriagoa dela diote. Honez gain, badirudi esku hartzeko orduan zailtasunak izaten ditugula bullying-aren tratamendua eman behar diogun jakiteko ala ez eta nortzuk esku hartu behar duten erabakitzeko. Zailtasun hauek alde batera utzita, danok ados gaude bullying-a izan ala ez, bizitzen ari den/diren pertsona horiek sufrimendua dutela eta sufrimendu hori desagertzen ahalegindu behar garela. Azken finean sufrimendua inplikatuta dauden guztientzat baita, ez bakarrik zuzenean inplikatuta daudenentzat, baizik eta familiak, lagunak… ere. Ondorioz, jardunaldi honen helburuak Bullying-ari aurre egiteko komunitatearen inplikazioaren beharraz konturatzea eta aurre egiteko estrategia desberdinak ezagutzea da, bai prebentzio mailan baita detekzioaren ondoren ere, guzti hau ikuspegi komunitario bat emanez".

Honez gain, "bullying-aren gaia genero eta gailuekin lotzea nahi izan dugu; batetik generoak halako egoeretan duen eragina aztertzeko eta bestetik gailuen eragina aztertzeko eta hauek eman al dizkiguten aukerez ohartzeko. Horretarako aditu, profesional eta familiak ekarriko ditugu. Azkenik, jendea animatu nahi dut parte hartzera. Interesa duen edozein hurbildu daiteke, egitaraua zabala da, danon partaidetza bultzatuko da eta Bullying-ari aurre egiteko egiten ari denaren argazkia jasotzeko aukera izango da; behin argazkia eta kontaktuak izan da, sareak sortzeko aukerak egon daitezke eta lan ildo desberdinak irekitzeko aukerak, beraz partekatzeko aukera ezin hobea dela esango nuke nik".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos